Politika

Kontuz-ek diru nahikoa bildu du Patxi Zamoraren salaketak finantzatzeko

20.000 euro biltzeko diru kanpaina jarri zuen abian ustelkeriaren kontrako plataformak, eta bete du helburua.

Mirentxu Iribarren eta Patxi Zamora Kontuzeko kideak, maiatzaren 22an Iruñean egin zuten prentsaurrekoan. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko uztailaren 2a
11:55
Entzun

Patxi Zamora Kontuz-eko bozeramailearen salaketak finantzatzeko, 20.000 euro bildu ditu ustelkeriaren kontrako plataformak. Hala, bete du diru bilketarako kanpaina abian jarri zuenean ezarritako helburua. Kontuz-ek laguntza eskatu zien herritarrei eta gizarte eragileei, Zamorak zabalik dituen auzibideei aurre egiteko.

Zamorak Iberia konpainiako hegazkin zerbitzari gisa egin du lan 31 urtez jarraian. Aireportuetako langileek hegazkinetan sartzeko baimen bat behar dute, eta Zamorari Guardia Zibilak atzera bota zion baimena, iazko azaroaren 22an, "ezgai" zela ebatzita. Iberia hasiera batean erabakiaren aurka azaldu arren, bere lanpostutik kaleratu zuen azkenik. Kontuz elkarteak "jazarpen ideologikoa" salatu zuen. Plataformaren arabera, Kontuzek Nafarroako Kutxaren inguruan egindako salaketek min handia egin zieten Nafarroan garai hartan agintzen zutenei, eta horietako batzuek "zitalkeriaz eta mendekuz" jokatu dute Zamoraren aurka.

Zamorak hainbat elkartasun keinu jaso ditu azken hilabete hauetan. Nafarroako lauko gobernua sostengatzen duten alderdiek haren kaleratzeari buruzko azalpenak eskatu zituzten, gehiengo sindikalak ere babesa agertu zion eta kezka azaldu zuen Nafarroako Parlamentuak ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.