'CAN auzia'

Kontuz-ek salatu du auzipetuen inguruneak blokeatzen duela CANi buruzko informazioa

Nafarroako aurrezki kutxaren inbertsioen informazio guztia Criteria holding-ak du, eta bertako zuzendari da Enrique Goñi auzipetua.

Enrique Goñi CANeko zuzendari nagusi ohia eta auzipetua. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2015eko otsailaren 23a
15:09
Entzun

"Normala al da auzi honetan inputatua izan den pertsona bat izatea informazioa ematen ez duen enpresako buruzagia?". Galdera hori egin du Kontuz elkarteak Iruñean goizean emandako prentsaurrekoan. Aurreko astean salatu zuen EH Bilduk parlamentuko ikerketa batzordean informazio gehiena falta dela, baina Auzitegi Nazionaleko ikerketa batzordean ere gauza bera gertatzen ari da. CAN fundazioak eta Caixabankek "elkarri pilota pasatzen diote", eta bitartean inork ez du informaziorik ematen.

Caixabankek du giltza nagusia. Kontuz auzi judizialeko akusazio partikularra da, eta, haren arabera, fiskalak azken txostenean berretsi du 2000tik 2012ra bitartean CANen hornidura funtsen informazio erabakigarria daukala bankuak. Informazio hori, era berean, giltzarria da CANek jasandako mila milioi euroko ondare galeraren nondik norakoa ulertzeko. Alta, oraingoz Kontuz-en arabera ez dio informazio hori banatu ez Eloy Velasco epaileari ez parlamentuko ikerketa batzordeari.

Gainera, Caixabanken menpeko Criteria holding-ak gordetzen du Nafarroako Kutxak beste enpresetan egindako inbertsioen informazioa. Inbertsio horiek aurrezki kutxaren gainbeheraren arrazoi nagusietako bat dira, baina kudeaketaren atal ilun hori ezagutzeko giltza Criteriak du, eta bertako buruzagi da, hain justu, Enrique Goñi bera. Kontuz-ek irmo salatu du inputatu nagusietako batek informazio emariaren kontrola izatea. "Honek ez du inongo ondoriorik?", galdetu du Patxi Zamora eledunak.

Aurreratu du Kontuz-ek idatzi bat prest duela Auzitegi Nazionalak badaezbadako neurriak har ditzan dokumentu horien kontserbazioa berma dadin. "Ez du zentzurik ustezko delituaren egileak gordetzea froga".

CAN fundazioa ere, giltzarrapoarekin

Ez da hor amaitzen dena. Egun, Nafarroako Kutxaren arrastoak CAN fundazioak ditu, eta hark du egun Caixabanken akzioen %1 inguru. Fundazio horrek informazioa ere gordetzen du, eta bertako presidente Joaquin Giraldez da, Barcinak berak "hatzarekin" izendatutako pertsona. Kontuz-ek ezagutzera eman du, gainera, Jose Antonio Sarria CANeko kontseilariaren eta CEN patronaleko buruaren koinatua dela Giraldez. "Ez dugu esaten ahaidetasun horrek bere erabakiak baldintzatzen dituela, baina ezin dugu oharkabean pasatu xehetasun hori", esan du Zamorak.

Ikerketa batzordeak informazioa eskatu dio, eta legeak berak behartu egiten du ematera, baina, Datuen Babeserako Legea aipatuta, Giraldezek uko egiten dio informazioa emateari. "Herritarroi adar jotze galanta iruditzen zaigu fundazioak uko egitea informazio hori emateari".

Kontuz-ek gogora ekarri du 2013an dieten auziaren instrukzio fasean hainbat aldiz bidali behar izan zuela Guardia Zibila, fundazioak ez zuelako informaziorik ematen. Horren harira, azpimarratu du oraindik ere parlamentuak ez duela ia ezer jaso. "Nola galdeka daiteke inor horren gaineko dokumentaziorik ez badago?".

Ikerketa atzeratzeko trabak gaitzetsi ditu, eta parlamentu talde guztiei eskatu die hurrengo legealdian lanarekin jarraitzeko konpromisoa hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.