Kontuz plataformak 2007ko maiatzaren 18ko asteburuan CAN Nafarroako Kutxako agintariek lurraldeko enpresaburu ezagunei arrandia handiz oparitutako bidaia baten xehetasunen berri eman du ohar bidez. Iruñetik charter hegaldi bat egin zuten 155 pertsonak Parisera, eta han, bazkari eta hotela ordaintzeaz gain, helikoptero bidaia bat oparitu zieten. CANen menpeko Vialogos enpresak antolatu zuen bidaia, eta bertako buruetakoa zen Iñigo Alli, Nafarroako Gobernuko egungo Gizarte Politikako kontseilaria, Jesus Pejenauteren ordezkoa.
Bidaia osoa doakoa izan zen, eta Vialogos enpresak ordaindu zuen dena. Bidaia hartan parte hartu zuten pertsonek Kontuz-i esan diotenez, “luxu handikoa” izan zen: bost izarreko hotela, bazkaria eta afariak kalitate handieneko jatetxeetan eta hainbat bisita toki ezagunetera. Fontainebleau gaztelurako bisitan autobusak matxuratu ziren itxura egin zuten antolatzaileek, eta laster gonbidatuei ustekabea eman zieten: heliportu batera eraman zituzten, eta hogei helikopterotan sartu zituzten, Parisko inguruetan hegaldia egiteko. Buruko 250 euroko kostua du bidaiak, eta, Kontuz-ek kalkulatu duenez, 35.000 inguru ordaindu zituen CANek, bidaiako gainerako kostuak kontuan hartu gabe.
Bidaiaren xehetasunen berri ematen duen argazkiak ditu Kontuz-ek. Horietako bat banatu du kazetarien artean, eta bertan ageri dira Enrique Goñi kutxako zuzendari nagusi ohia —lehen lerroan ezkerretik zazpigarrena— eta haren zuzendaritza taldeko Iñigo Alli —bigarren lerroan ezkerretik bigarrena—. Beste batzuk: Juan Oderiz konfiantzazko pertsona, Isidro Parra Clave Mayorreko arduraduna, Washingtongo CANeko bulegoaren arduraduna, Javier Aiesa CEN patronaleko burua eta haren semea, Goñiren ardurapean den pertsona... Gonbidatu gehienen aurpegiak lausotu dituzte irudian.
Dena den, gonbidatuen artean daude, besteak beste, Miguel Rico MRA Miguel Rico Asociados eraikuntza enpresako bazkide nagusia —2009an, etxebizitza merkatuaren gainbeheran, MRAri landa eremuko zoruak erosi zizkion bederatzi milioi euroren truke—, Jose Antonio Sarria Bodegas Sarria enpresako kontseilaria —egun enpresa horretako administrazio kontseiluan daude Miguel Sanz eta Enrique Goñi—, Luis Colina Diario de Navarra-ko zuzendari nagusia eta Jose Maria Zarranz administrazio kontseiluko kidea —saritan 263.000 euro jaso ditu—, eta "CANi bere diseinu enpresak milioika euro fakturatu zizkion Bermejo jauna".
Informazioa auzitegira eramango du Kontuz-ek
Kontuz-ek jakinarazi duenez, bidaia horien inguruko informazioa epaitegietara igorriko dute. "Uste dugu auzitegiek alde bat baino ezingo dutela argitu, balizko delituei dagokiena. Goñi, Pejenaute, Oderiz edo Alli ez ziren esku artean zuten diruaren jabeak, CANeko bezeroak baizik", dio plataformak. Kontuz-en arabera, diru horren zaintzaile izan beharko lukeen Nafarroako Gobernuak huts egin zuen bere zereginean. Gogora ekarri dute Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari zela CANeko presidente garai hartan, eta Yolanda Barcina Iruñeko orduko alkatea, Kontrol Batzordeko presidentea.
Gertaerak argitzeko exijitzeko eta ardura politiko guztiak eskatzeko larunbat honetan Iruñean egingo den manifestazioarekin bat egitera deitu du Kontuz-ek. Egia osoa jakin nahi dugu lelopean egingo da martxa, eta 17:30etik aurrera aterako da, Golem zinema aretoetatik.