Politika

Kontxi Bilbao legebiltzarkidearen agurra

EBko kideak gaur utzi dio Gasteizen parlamentari izateari, Espainiako Auzitegi Gorenak inhabilitazio zigorra jarri diolako bere garaian Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik. EBk bilkura egin du gaur, zigorra salatzeko.

2008ko irailaren 30a
12:24
Entzun
Gaur utzi dio Kontxi Bilbao EBko legebiltzarkideak bere postuari, aurreko legealdian Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik zigortu egin zuelako Espainiako Auzitegi Gorenak. Juan Maria Atutxa (EAJ) eta Gorka Knörr (EA) Legebiltzarreko orduko Mahaiko kideak ere zigortu zituen Gorenak, eta ondoren Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen hirurek jarritako erregu helegitea.

Atutxak urte eta erdiko inhabilitazioa eta hemezortzi mila euroko isuna jaso ditu, eta Knörr eta Bilbaok urtebeteko inhabilitazioa eta hamabina mila euroko zigorra. Gaur egun, Bilbao baino ez dago erakunde publiko bateko karguan -Eusko Legebiltzarreko kide da-, eta utzi egin behar izan du postua.

Gaur Gasteizen, Legebiltzarraren atarian, bilkura egin dute EBko kideek, Bilbao han zela, Justizia independentearen alde. Kontxi aurrera lelopean. Javier Madrazo koordinatzaile nagusiak salatu egin du zigorra. Besarkadak eta malkoak izan dira. Atutxa ere joan da.

Hain zuzen, Manos Limpias elkarteak jarri zuen Atutxa, Knörr eta Bilbaoren aurkako salaketa, 2003. urtean Batasuna legez kanpo utzi ondoren Eusko Legebiltzarreko Sozialista Abertzaleak taldea desegin ez zutela-eta. EAEko Justizia Auzitegiak, ordea, absolbitu egin zituen. Manos Limpiasek errekurtsoa jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta arrazoi eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.