Danimarkak 2.524 euro ordainduko dizkie Kopenhageko klima aldaketari buruzko goi bileran atxilotutako Greenpeaceko lau kideei, baita Juan Lopez Uralde (Donostia, 1963) Espainiako Greenpeaceko zuzendari ohiari ere. 2009ko abenduaren 17an atxilotu zituzten, Danimarkako Margarita erreginak estatuburuei eta gobernuburuei eskainitako afarian Politicians Talk, Leaders Act (politikariek hitz egiten dute, buruzagiek ekiten diote) lelodun pankartak erakusteagatik. Afari hartan atxilotu ondoren, hemeretzi eta hogei egun bitartean atxilo eduki zituzten, Vestre Faengsel espetxean, Kopenhagen. Jokabide hura «neurriz kanpoko askatasun-gabetzea» izan zela ondorioztatu du orain epaitegiak. Horrenbestez, Danimarkak 2.524 euroko kalte-ordaina eman beharko die Lopez de Uralderi, Nora Christianseni, Christian Schmutzi eta Joris Thijsseni, espetxeratu zituen Greenpeaceko kideei.
Duela urte bat inguru, hamalau eguneko baldintzapeko espetxe zigorra ezarri zieten lau atxilotuei. Fiskalak 60 eguneko espetxe zigorra eta 400 euroko isuna eskatu zuen, eta Danimarkako Greenpeace elkartearen aurkako 30.000 euroko isuna. Ordea, epaileak ez zituen eskari horiek aintzat hartu, ezta ekintzan parte hartu zuten beste kideen aurkakoak ere.
Kopenhagen atxilotutako Greenpeaceko kideek kalte-ordaina jasoko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu