ETB1-eko eztabaida

Korapiloa, Madrildik bueltan

Erabakitzeko eskubidearen defentsan, enplazamendu zuzena egin dio Maddalen Iriartek Iñigo Urkulluri: "Zure ondoan izango nauzu". Hark, erantzun: "Egin dezagun bidea". Euskarari buruzko bideoan esandakoei eutsi die Mendiak: "Beharrezkoa al da forentseei PL3 bat eskatzea?".

Zabala, Mendia, Iriarte, Urkullu, Usabiaga eta Garrido, eztabaida hasi aurretik.
jon olano
2016ko irailaren 14a
12:34
Entzun

Interesa pizteko arrazoirik bazuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira ETB1ek antolatutako eztabaidak. Bozetara aurkeztutako proposamen, ideia eta abarrez gain, bestelako pizgarriak ere baziren: nola moldatuko ote ziren Pili Zabala eta Maddalen Iriarte politikari gisa eztabaidan, zer esango ote zuen Idoia Mendiak PSEk euskarari buruz argitaratutako bideoak polemika piztu ostean... saioak aurrera egin ahala argitu dira zalantza horiek. Zenbaitetan eztabaidatik baino bakarrizketa multzotik gehiago izan du saioak, eta Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia jo liteke garailetzat. Begitartea omen da arimaren ispilu, eta jarduneko lehendakariak saioan zehar izandako irribarreak agerian utzi du eroso aritu dela, ia oposiziorik gabe.

Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak berak jo du ziurtzat Urkullu izango dela Jaurlaritzaren hurrengo lehendakaria. Erabakitzeko eskubideaz eta estatus politikoaz ari zirela, Iriartek eskua luzatu dio Urkulluri, Eusko Legebiltzarrean adostutakoa Madrilera eramateko: "Zure ondoan izango nauzu". Ordea, galdetu dio zer egingo duen Madrilek ezezkoa ematean, baina joaneko bidaia horri buruz hitz egitera mugatu da Urkullu: "Egin dezagun bidea". Espainiako Kongresuko indar korrelazio berriarekin, Madrilekin "itun berria" egiteko aukera ikusten du Urkulluk, Euskal Herriaren "nazio izaera" aitortuko duena. Itunaren ideiarekin bat dator Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Pili Zabala ere: argi utzi du bere hautagaitzaren eredua ez dela Kataluniakoa, eta estatus politikoa aldatzeko hiru pauso zehaztu ditu: "Akordio zabalak, alde bikotasuna, bide legalak".

Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakaria izandakoaren hitzak gogorarazi dizkio Iriartek Urkulluri: "Zergatik independentzia? Nahi eta behar dugulako". Hark, ordea, "independentzia mailakatua" onetsi du.

900 euroko soldatak

Lehen eztabaida zuen Zabalak, eta urduri azaldu da. Ekonomia gaietatik abiatuta, iruzur fiskala murrizteko "Polizia fiskala" sortzea proposatu du, eta gogorarazi diru sarrerak bermatzeko errenta %7 urritu zuela Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzak. Gainera, energia eredua aldatzea lehenetsi du, eta inbertsioak proposatu ditu norabide horretan.

Lan alorrean, Urkulluk "haztea eta enplegua sortzen laguntzea" aipatu ditu lehentasun gisa, eta 8.500 milioiko enplegu plan bat proposatu du horretarako. Iriartek, ordea, 35 orduko lan astea aldarrikatu du, enplegua banatzeko era gisa. Ikerketa eta garapenean inbertitzea proposatu du Mendiak, eskualdekako planak eskainiz.

Gizarte politikak, ekonomia eta hezkuntza nahastu dituzte sarri hautagaiek. Hezkuntzaren alorrean, Urkulluk nabarmendu du LOMCE Legea "inposizioaren eredua" dela, eta Heziberri egitasmoaren alde egin du; Iriartek gogorarazi dio Euskal Herriko Unibertsitatean ikerlari asko daudela 900 euroko soldataren truke lanean, baina Urkulluk erantzun dio hori ez dela EHUren "arazo nagusia". Lehenago, gutxieneko soldata mila eurotik gorakoa izatea defendatu du Urkulluk berak.

PSEren bideoa hizketagai

Zalaparta handia sortu du PSEk euskararen inguruan eginiko bideoak, eta horri buruz galdetu die Xabier Usabiaga moderatzaileak hautagaiei. Idoia Mendia PSE-EEko Bizkaiko zerrendaburuak gogorarazi du eskatu izan dutela hizkuntz eskakizunak berrikusteko, eta zehaztu du administrazioari mugatutako proposamena dela. Adibide zehatza jarri du: "Beharrezkoa al da forentseei PL3 bat eskatzea?".

Hizkuntza eskakizunak berrikustearekin ados agertu da Laura Garrido PPko hautagaia, baina "bereziki" minduta azaldu da Iriarte PSEren bideoarekin: "Bi botoren truke, zatiketa eta gorrotoa sustatu duzue". Urkulluk, berriz, Mendiari gogorarazi dio hizkuntza eskakizunak EAJk eta PSEk adostu zituztela. Hortaz, euskara bizikidetzarekin lotzeko eskatu dio.

Bakegintzaren inguruan ere hitz egin dute. Biktima guztientzat "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu du Zabalak, eta bat egin du harekin Iriartek. Urkulluk eta Garridok galdetuta, EH Bildukoak indarkeriarekiko iritzia argitu du, azpimarratuz "gaizki" egon zela "hiltzea". Urkulluk nahiz Garridok, baina, ezker abertzalearen izenean hitz egiten ote zuen galdetu diote Iriarteri. Hark gogorarazi du EH Bildu lau alderdik osatutako koalizioa dela eta bera hautagai independentea dela, eta, beraz, ezin duela Sorturen izenean hitz egin. 

Iriarteri ez ezik, Urkulluri ere kritika egin dio Garridok, Jaurlaritzak "gatazkaren teoria" ontzat jotzeagatik eta "ETA zuritzeagatik".

Hauteskundeen ondoren, zer?

Hauteskunde ondorengo asmoak argitu zaleak ez dira izaten indar politikoak, baina zenbait pista eman dituzte. Zabalak azaldu du "konkista sozialak" defendatzen dituztenekin "errazago" jarriko direla ados; Iriartek, berriz, "justizia soziala, demokrazia eta bakea" ardatz, "herri akordio zabalak" lortzeko eskua luzatu du.

Garridorentzat, akordioa zaila da "erabakitzeko eskubidea babesten dutenekin". EAJri "populismoarekin eta erradikalekin" batzea egotzi dio. Antzera Mendiak; "iraganeko eztabaidetan" daudenekin zail ikusten du akordioa. Asmorik ez du iragarri Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.