Korrikalari bat hil da entzierroan, lepoan jasotako adarkadagatik

Daniel Jimeno Romero 27 urteko espainiarra da hildakoa. Telefonican jaso du adarkada eta 8:50ean hil da. Jandilla ganadutegiko zezenak izan dira, eta haietako batek beste hiru adarkada ere eman ditu. Udaletxe plazatik aurrera bakarrik egin du ibilbidea 'Capuchino'-k. Duela hamalau urte zendu zen azkeneko korrikalaria adarkadaz.

2009ko uztailaren 10a
13:17
Entzun
Zezen arriskutsuak direla berretsi dute gaur Jandilla ganadutegikoek, Iruñeko sanferminetako laugarren entzierroan, eta zezen gorri baten adarkadak Daniel Jimeno Romero (Alcala de Henares, Espainia; 27 urte) hil du; Nafarroako Gobernuak baieztatu du, 12:30ak aldera, hildakoaren izena eta jatorria. Haren amak identifikatu du gorpua -Iruñean da ama hori egujnotan-.

Telefonican gertatu da ezbeharra. Gizonak lepoan jaso du adarkada, eta honek eragin dizkion zauri larriengatik ospitalera eraman dute; 8:50ean zendu da.

Horrez gain, beste hiru laguni ere adarkada sartu die zezen gorri hark: bi laguni izterrean eta beste bati sabelean. Ez dute zauri larririk. Sei lagun ere artatu dituzte, kolpeen ondorioz, eta zauri arinak dituzte.

4.30 iraun du entzierroak, aurtengo gehien.

Duela hamalau urte hil zen adarkadaz azkeneko korrikalaria Iruñean: estatubatuar gazte bat, Udaletxe plazan zela bihotzean adarkada jasota. 2003an, berriz, Fermin Etxeberria iruindarra zendu zen, entzierroan kolpea jaso eta bi hilabetera. Orotara, hamabost lagun hil dira entzierroetan.

Udaletxe plazatik arazoak

Orain arte joaldunak izan dira nagusi entzierroetan, haiek markatu dutelako erritmoa -atzo, kasu, hasi eta bukatu-. Gaur, ordea, zezen gorri hark -beste denak beltzak ziren- Santo Domingo erdirako aurrea hartu du, eta Udaletxe plazan eskubira egin eta hesietan korrikalari batzuk harrapatu ditu. Horren ostean, 30 bat metro atzera geratu da zezen gorria -Capuchino, 515 kilokoa-, eta handik aurrera bakarrik egin du entzierroa.

Mercaderes erdian eman du lehen adarkada: bidean erdira atera zaion 24 urteko argentinar bat harrapatu du eta sabelaldean sartu dio adarra. Hildakoaz gain, beste bi lagun ere harrapatu ditu, bukaera aldera. Ordurako Telefonica parean geldialdiak egiten zituen zezenak, jendez inguratuta zegoen eta batzuetan ibilbidean atzera egiten zuen. Galduta zegoen. Eta, tarteka, hesietara jotzen zuen. Orduan harrapatu ditu bi lagun horiek: bat Telefonican, bestea kailejoian. Biek izterrean jaso dute adarkada -bigarrenak ziztada jaso du-, Gurutze Gorriak jakinarazi duenez.

Haietako lehenaren kasuan, beste korrikalarien laguntza garrantzitsua izan da, zezenak harrapatuta zuela korrikalariek Capuchino -ri buztanetik eta adarretatik heldu diotelako, libratzeko.

2004ko entzierroan zortzi lagun adarkatu zituzten Jandillako zezenek.

Entzierroak

Uztailak 7. Ganadutegia: Alcurrucen. 2.30eko iraupena. Adarkadarik ez. Zauritu larririk ez.

Uztailak 8. Cebada Gago. 2.35. Adar ziztada bat -jaso du sendagiria-. Zauritu larririk ez.

Uztailak 9. El Ventorrillo. 2.20. Adarkadarik ez. Zauritu larririk ez.

Uztailak 10 (gaur). Jandilla. 4.30. Lau adarkada. Hildako bat; lepoan jaso du adarkada.

Uztailak 11 (bihar). Dolores Aguirre.

Uztailak 12 (igandea). Miura.

Uztailak 13 (astelehena). Fuente Ymbro.

Uztailak 14 (asteartea). Nuñez del Cuvillo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.