Kortaren omenaldian izandakoek ordezkatu dute Bildu «osorik»

Matutek adierazi du «indarkeriarik gabeko eta erabateko jarduera politikoko lekua sortu» behar dela

2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Joxe Mari Kortaren omenaldira joan ziren Bilduko ordezkariek Bildu «normaltasun osoz ordezkatzen» zutela adierazi du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, eta «falta zirenen inguruko eztabaidan sartzea» baztertu du; «beste mota bateko ekitaldi publikoetara joaten direnen edo ez direnen inguruan guk egiten ez dugun bezala», gaineratu du. Horrek, gainera, «biktimen memoriaren, aitortzaren eta konponketaren» alde mesede «gutxi» egiten duela ere esan du.

Era horretan, azaldu du «bakezko prozesua eta konponbide demokratikoa» garatzeko Bildu bere aldetik «izugarri» egiten ari dela eta «beste batzuek ere gauza bera» egitea gustatuko litzaiokeela. Matutek, horrez gain, adierazi du Bildu koalizioa «hasieratik argia» izan dela eta «indarkeriak lekurik ez duen egoera politiko bat» sortu nahi duela. Nolanahi ere, «indarkeriak orainaldi izan diren iraganari buruzko irakurketa kritiko bat egin behar dela» esan du.

«Hortaz, indarkeriarik gabeko eta erabateko jarduera politikoko lekua sortu» behar da; «eta indarkeria existitzeak sortu duen kaltearen onarpenaren inguruko balantzea egin behar da gutxienez». Matutek dio, gainera, «garrantzitsuena» izan dela Euskal Herrian «ETAren indarkeria konstantea ez izateko lerroa finkatzea» eta «geroz eta jende gehiagok ulertzea herritarren eskubide guztiak aitortzen diren bakea lortzeko gaitasuna» dutela.

Erantzunaren zain

Espainiako hauteskunde orokorretara begira Bilduk Aralar eta EAJri EAEn eta Nafarroan batera joateko eginiko eskaintzaren erantzunaren zain daudela adierazi du Matutek, eta Bilduri momentu honetan dagokion gauza bakarra «itxarotea» dela. Gogorarazi du Aralarrek «tartean kongresu bat» duela, eta nahiz eta bere txostenak «batera aurkezteko aukera» onartzen duen, «aldaketak» izan ditzakeela jarrera horrek. «Aralarren eztabaida da, eta ez dagokio beste inori», gaineratu du.

Hala ere, azaldu du Bildu ez dela «aldi baterako apustua, ezta udal eta foru hauteskundeetara begirako aldi baterako errealitatea ere; baizik eta euskal ezkerra berriz osatzeko pizgarria». Era horretan, esan du Euskal Herriak «oraingo parametro desberdinekin» bere etorkizuna «libre eta demokratikoki» erabakitzeko «eskubidea» duela sinesten duten «gizon-emakumeen lekua zabaldu» nahi dela. Bide horretan, berriz, Matutek esan du Sortu legezkoa izaten den «bezain pronto», Euskal Herriko ezkerra «berriz osatzeko» parte izateko «deia» egingo zaiola.

Ezker Batuari dagokionez, berriz, «zailtasun objektiboa» ikusten du alderdi hori edo «haren sektoreren bat» Bilduren barruan sartzeko, gizarteari «bitariko mezuak» helarazten dizkion «barne konfrontazioan murgildurik» baitaude. Espainiako Barne Ministerioa kritikatu du, gainera, Gernikako Akordioa sinatu zutenek Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin harremanak izateko bidea «blokeatua» dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.