'Paul Abasolo auzia'

Kriminalizazioa salatu du Portugaleteko mugimendu feministak

Irailaren 11n Paul Abasolo jokatzen ari zen futbol zelaitik kanporatu zituztenekoa azaldu dute, eta Poliziaren jarrera "neurrigabekoa eta bortitza" salatu dute.

Portugaleteko mugimendu feministaren agerraldia, gaur goizean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 15a
09:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Portugaleteko mugimendu feministak joan den irailaren 11n La Floridako futbol zelaian (Portugalete, Bizkaia) gertatutakoa azaldu gura izan du. Paul Abasolo hiru sexu erasogatik zigortua izan zen futbolaria jokatzen ari zen, eta, haren aurkako protesta egin zutelako, kanporatu egin zituzten. Mugimenduko sei kideek txistu egin zutela eta "erasotzaile kanpora" oihukatu zutela azaldu dute. "Paul Abasolok kirol epaileari keinu bat egin ostean, epaileak norgehiagoka etetea erabaki zuen. Eduardo Rivacoba Portugalete futbol taldeko presidenteak momentu hori aprobetxatu zuen bitartekari lanetan aritzeko. Minutu batzuen buruan epaileak Abasoloren aurka protestan zebiltzanak identifikatzeko eta aterarazteko agindua eman zien udaltzainei". Ertzainetako batek aitortu zien gertatutakoaren akta Indarkeriaren Aurkako Batzordean eztabaidatuko zela, Kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako legea urratu zutelakoan.

Gertaera horien aurrean, mugimendu feministak eurak "kriminalizatzeko" saiakera bat egon dela salatu nahi izan du. Gainera, euren kideak irainduak izan zirela eta heriotza mehatxuak jaso zituztela salatu dute. Udaltzainen eta ertzainen jarrera "neurrigabea eta bortitza" iruditzen zaie. Udalak "konpromiso falta" agertu duela gaitzetsi dute. Futbol taldeari "eredugarri" izan behar duela gogorarazi diote.

Abasolok atzo Bizkaiko bi egunkaritan egin zituen adierazpenen harira, ukatu egin dute jokalariaren bikotekidea eta familia iraindu dituztela. Erasotzaile sexualak ez direla "buruko gaitza dutenak" erantzun diote. Eta gogorarazi nahi izan dute bortxaketa ez dela bakarrik sarketa, "baizik eta indarkeriaz eta bortizkeriaz gauzatutako ekintza dela, inolako onarpen eta baimenik gabekoa". Era berean, ukatu egin dute mugimendu feministak alderdi politikoren batekin lotura zuzena duela, eta ohartarazi dute hori esateak mugimenduaren lana "estigmatizatzea eta kriminalizatzea" dakarrela.

Portugaleteko mugimendu feministarekin batera, Durangoko kide batzuk ere izan dira Portugaleteko udaletxe aurrean egin duten agerraldian. Elkartasuna adieraztera etorri dira. Abasolok Durangoko mugimendu feministako kide batzuekin jarrera oldarkorra duela salatu dute. Identifikatuak dituztela eta euretako batzuei kalean jarraitu egin dietela kontatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.