«Prozesua krisi egoeran, blokeo egoeran dago», errepikatu zuen atzo Pernando Barrena Batasuneko kideak Madrilen. Espainiako Gobernuaren «borondate faltari» egotzi zion krisialdia. Gatazka konpontzeko beharrezko diren oinarrietatik aldendu nahi izateari. Barrenak Alex Maskey Sin Feinneko burukidearekin Madrilen eginiko agerraldian azaldu zuenez, euskal herritarren erabaki eskubidea da gatazka gainditzeko muina, eta alderdien mahaia hori bideratzeko modua. PSOEren gobernuak hori ondo dakiela esan zuen. «Baina hortik aldentzen saiatzen ari da». Hargatik «blokeo egoera».
Eta «egoera desblokeatzeko» zer behar den argi esan zuen Barrenak Madrilgo hedabideen aurrean: «Gobernuak eta PSOEk jarrera aldatzea». «Benetan konponbidea nahi bada, erresoluzioaren oinarrietara jo behar da», nabarmendu zuen. Erabakitzeko gaitasuna ezarri du oinarrian. Eta, gako hori, alderdien mahaian dagoela esan zuen. Alderdien mahaian «guztien arteko akordioa posible egiteak» izan behar duela helburua.
Gauzak horrela, alderdien mahaia eratzea, bake eta normalizazioa lortzeko lehentasuneko eginbeharra dela deritzo. «Erresoluzio mahai horren» zereginak zein izan behar duen ere azaldu zuen: «proiektu guztiak defendagarri izateaz gain, egingarri ere izatea lortu behar du, muga bakartzat herritarren babesa izanik».
Barrenaren esanetan, ezker abertzalea horretarako prest dago. Areago, mahaia eratu eta akordioa lortzearen alde «baliabide guztiak» jartzeko prest azaldu da. Orain artekoaz balorazio kaxkarra egiten duen arren, ezker abertzaleak «toki berean» jarraitzen duela dio: Duela bi urte Anoetan egin zuen apustuan eta su-etenaren iragarpenaren ondoren hartu zuen jarrera berean. Konponbidearen alde lan egiteko bidean.
Baina Espainiako Gobernua eta PSOE ez ditu bide horretan ikusten. Prozesua atzeratu nahian dabiltzala deritzo; benetako konponbidetik aldentzen saiatzen ari direla. Alderdien mahaia martxan jarri ez izana du horren adibidetzat. «Mahaia osatzeko baldintza berriak jartzen ari da etengabe eta, gainera, ezker abertzalearen aurkako errepresioa areagotzen ari da», txarretsi zuen. Horiek guztiak esanda, «jarreraz aldatzeko» deia luzatu zion alderdi sozialistari. «Apustua egin behar du».
Legez kanporatzeei buruz ere mintzatu zen Barrena, kazetarien galderei erantzunda: «Inork uste du prozesuak inora joan ahal duela Espainiako Gobernuak Batasuna, ezker abertzalea, ilegalitatean mantentzen badu?». Gaia argitzeko eskatu dio, beraz, Zapateroren gobernuari. Izan ere, Barrenaren hitzetan, «dialektikoki prozesuaren alde egitea eta prozesuan parte esanguratsua dena ilegalitatean mantentzea» ez da ulergarria.
SINN FEIN-EN ESKAERA. Zentzu berean mintzatu zen Sinn Feineko Alex Maskey ere. Legez kanporatzeek egungo egoeran zentzurik ez dutela iritzita, dinamika hori alboratzeko eskatu dio PSOEren gobernuari: «Momentua da Batasunaren jarduera errespetatua izan dadin». Egungo egoeran epaiketa politikoek aurrera egitea ere ulergaitza zaio legebiltzarkide irlandarrari eta halakoak bertan behera uzteko galdegin du. Halaber, Euskal Herriko prozesuan laguntza emateko prestutasuna agertu du Sinn Feinen izenean. Bestalde, atzoko prentsaurrekoa dela-eta, Barrena deklaratzera dei dezala eskatu dio Dignidad y Justicia taldeak Garzon epaileari.
«Mahaia osatzeko baldintza berriak jartzen ari da PSOE etengabe eta, gainera, errepresioa areagotzen»
«Proiektu guztiak egingarriak izatea lortu behar da, muga bakarra herritarren babesa izanik»
pernando barrena
batasuneko kidea
«Krisi egoera» gainditzeko gakoa erabaki eskubidea dela azaldu du Barrenak Madrilen
Prozesuak aurrera egingo badu alderdien mahaia osatu beharra dagoela ohartarazi dio PSOEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu