Eusko Jaurlaritzak ere gaur abiatu du urte politikoa, ohi bezala, aurreneko gobernu kontseilua Donostiako Miramar jauregian eginda. 10:30ean hasi da bilkura, eta 12:00etan egin du agerraldia Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Bilerara sartu aurretik, argazkia egin dute Jaurlaritzako kideek, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Ekonomia izan du hizpide nagusietako bat Urkulluk, eta krisia gainditu ahal izateko, alderdien arteko akordioa aldarrikatu du. PSErekin lortzear den zergen inguruko akordioaz, esan du "uzta jasotzeko aldia" dela eta aurretik "lan eskerga" egin dutela horretarako.
Bakegintzaren alorrean, "urratsik premiazkoena" ETAren desarmea dela uste du, eta beharrezkotzat jo du "zoru etikoa" ezartzea. Estatus politikoaren inguruan, berriz, Espainiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko "harreman berri baten beharra" nabarmendu du Urkulluk, eta oroitarazi du EAE dela 34 urtean bere estatutua "eraldatu ez duen erkidego bakarra".
Nafarroako Gobernuko eta UPNko presidente Yolanda Barcinak ere gaur du urte politikoaren abiapuntua. Cadreitan 300 pertsonak baino gehiagok afari bat egingo dute, eta bertan hitza artuko du Barcinak.