Txanpon beraren aurpegia eta ifrentzua izango balira bezala sartu dira hauteskunde kanpainan krisialdi ekonomikoa eta subiranismoa. Eta ez bakarrik alderdi abertzaleen agendan. Krisiarena aurreikusita zegoen, saihetsezina baitzen alderdi guztientzat; eta, subiranismoarena, are gehiago, aurreikuspen guztiei kasu eginda, hurrengo Eusko Legebiltzarrean gehiengo abertzalea izango baita. EH Bilduren presentziak ekarriko duen aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboak behartuko du urriaren 21eko hauteskundeen ostean osatuko den legebiltzar berria egungo esparru politikoari buruzko eztabaidara. Emaitzek eta ondorengo aliantzek baldintzatuko dituzte, baina, eztabaidaren edukiak, bidea eta erritmoak.
Kanpainaurreko gai izarra izan da independentziarena. Hamasei egun falta dira hauteskundeetarako, eta badirudi gai horretan sakontzen jarraituko dutela alderdiek. Horri heldu zioten, behintzat, atzo, kanpaina hasierako ekitaldietan. Alde edo aurka, bakoitza bere ñabardurekin.
Hauteskunde programaren aurkezpenarekin hasi zuen kanpaina EAJk, eguerdian, Sabin Etxean, Bilbon. Baina ekin, gauean ekin zioten, Donostian, hain zuzen, boto abertzalea nagusi den herrialdean. Goizeko ekitaldian, lehentasunak azaldu zituen Iñigo Urkullu lehendakarigaiak: krisialdi ekonomikoa, bake prozesua eta estatus politiko berria. Hirurak bat. Elkar lotuta aurkeztu zituen, eta 1980ko hamarkadako krisialdia ekarri zuen gogora.Adierazi zuen orduan autogobernuaren inguruan izandako «bat egite zabalak» ekarri zuela irtenbidea.
Orain, ETAren indarkeria amaituta, eta krisialdi berri baten aurrean, «autogobernua handitu» behar dela uste du, «indar guztien artean itun berri bat eginda». Hori da 2015era begira EAJk proposatu duen estatus politiko berriaren ikur nagusia, zeinaren bidez Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea lortu nahi dituen.
Lidergoak eta bidelagunak
EH Bilduk, baina, mesfidantzaz ikusten du EAJren proposamena. Eta prozesu horren lidergoa hartu nahi du. Horregatik hasi du kanpaina Gasteizen. Jakitun da hango legebiltzarrean indartsu sartuz gero jeltzaleen proposamenaren bidea baldintza dezakeela. Koalizioak bere gain hartu du independentismoaren ikurra, krisialdi ekonomikoak bide horri ekiteko arrazoiak ematen dizkiola argudiatuta. Espainiarekiko haustura proposatzen du, «eredu ekonomiko eta sozial berri bat» martxan jarri ahal izateko. Eredu hori Gipuzkoan Bildu eraikitzen ari dena litzateke. Gaur gaurkoz, baina, besteek ez dute eredu horrekin bat egiten.
Sozialistak, hain zuzen ere, Gipuzkoara jo dute kanpainako lehen ekitaldia egitera. Gipuzkoako egoera jeltzaleak kritikatzeko erabili du Patxi Lopez lehendakarigaiak, Bilduren «desgobernua» haiei leporatuta, koalizioa EAJren «laguntzarekin» gobernatzen ari dela argudiatuta. Hori hala ez dela badakien arren, abertzaleen arteko elkarlanaren ideia nabarmendu du Lopezek. «Ezkutuko Ibarretxe plan bat dauka Urkulluk», esan du. Mezuak mezu, sozialistek argi daukate gaiari heldu beharko diotela. Lopezen lau urteko agintaldiak ez duela eztabaida lurperatu, eta, orain, orduan baino babes gutxiagorekin, abertzaleen nahiei aurre egin beharko dietela. Horren harira, esanguratsuak atzo Rodolfo Aresek esandakoak: «Independentzia ez den beste formulak azter daitezke».
PPk, bitartean, ezezkoari lotuta jarraitzen du. Begi bat Madrilen, eta Madrildik, Kataluniara begira, Mariano Raxoik Espainiako Estatuko egituraren meloia noiz irekiko duen zain.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera
Krisia eta burujabetza
Krisialdi ekonomikoari eta esparru politiko berriari buruzko proposamenekin abiatu dute hauteskunde kanpaina alderdiekAbertzaleak euren artean lehiatuko dira, eta PSE eta PP, haien indarra mugatzen saiatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu