Krisiaren kontrako akordio bat proposatuko du Lopezek

Murrizketak saihesteko bidea badagoela uste du PSE-EEk: zerga iruzurra eta «kargak banatzea» jarri ditu horren adibide

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Legealdi hasieratik krisiaren aurkako akordio baten beharra aldarrikatuko du Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiak. Lehen ohiko osoko bilkura krisiari buruzkoa izatea proposatuko du, eta itun bat jarriko die mahai gainean gainerako taldeei: «Krisitik ateratzeko eta langabeziaren kontra egiteko akordioa izango da, ez herri hau identitateari buruzko borrokekin zatitzeko». Lopezen arabera, murrizketak egin beharrik ez da izango, bi neurri hartuz gero: zerga iruzurrari aurre egitea eta zergetako «kargak banatzea».

Bilbora, Txurdinaga auzora, joan zen atzo goizean Lopez, ondoan hamar lagun hartuta, guztiak ere lanik gabe daudenak. «Drama hori» bizi dutenei laguntzea lehentasuna dela esan zuen, eta Eusko Jaurlaritzan hartutako neurriak nabarmendu zituen. Bidenabar, sindikatu abertzaleen kontra ekin zuen: «Oposizio politikoan aritu dira lehen egunetik gobernu sozialistaren aurka. Sei greba egin dituzte agintaldian».

Langabeziari aurre egiteko beharrezkoa da enpresei laguntzea, Lopezen iritziz. «Elkarrekin egin behar dugu lan». Neurri bat jarri du mahai gainean: Sozietate Zergarekin batutako diru guztia ekonomia biziberritzeko erabiltzea.

Urkulluren mila milioiak

Mozketak egitea okerreko bidea dela ohartarazi zuen Lopezek, eta Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia hartu zuen begitan. EAJk esana du Jaurlaritzak mila milioiko zorra duela eta aurrekontua %10 jaitsi beharko dela. Mozketak egiteko asmo erabatekoa du EAJk, PSE-EEren esanetan. «Betikoen bizkar utzi nahi ditu sakrifizioak». Murrizketak egitea ez da nahitaezkoa, Lopezek dioenez. Iruzurrari aurre egitea eta zerga sistema bidezkoa eskatu ditu. «1.000 milioi horiek eskuratu ditzakegu gehien eduki eta dagokiena jartzen ari ez direnengandik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.