HEZKUNTZA

Kristau Eskolako lan gatazkan bitartekari batekin negoziatzen hasiko dira

Lehen aldiz, hiru aldeko bilera egin dute: sindikatuak, patronala eta Eusko Jaurlaritza. Denbora luzez trabatuta egon dira negoziazioak, eta elkarrizketa prozesua hastea adostu dute. Bihar bertan bilduko dira berriro.

Jaurlaritzako, Kristau Eskolako eta sindikatuetako ordezkariak, bileran. MIGUEL TOñA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 28a
14:21
Entzun

Mugimenduak hasi dira Kristau Eskolako lan gatazkan. Sindikatuek hilabeteko greba jarri dute mahai gainean —datorren astean da hastekoa—, eta aurreko hilabeteetan ikusi gabeko urratsak iritsi dira. Lehen aldiz, mahai berean eseri dira gatazkan zerikusia duten hiru aldeak: Kristau Eskola patronala, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza. Lan Harremanen Kontseiluan egin dute bilera, eta, hain justu, erakunde horren bitartekaritza izango dute negoziazio prozesuan. Bihar bertan egingo dute beste bilera bat.

Denbora daramate gatazka betean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan. Lan ituna berritu gabe bederatzi urte daramatzate langileek. Aurreko ikasturtea ere gatazka betean egin zuten, 24 greba egunekin. Lanuzte deialdiek eragin handia izan dute: 100.000 ikasle inguru dabiltza grebara deitutako ikastetxeetan. Guraso elkarteak kexu agertu dira mobilizazioekin: ikasleak “gatibu gisa” erabili izana salatu dute.

Ordezkaritza duten bost sindikatuetatik lauk egin zuten greba deialdia: ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk. UGTk ez du bat egin, hilabeteko mobilizazioa gehiegizkoa delakoan. Hala ere, deialdia egin duten sindikatuek ordezkaritza oso handia dute: %97koa. Deialdi horren ondoren, mugimenduak egin dituzte patronalak eta gobernuak. Batetik, Hezkuntza Sailak iragarri zuen prest legokeela bitartekaritza bide batera jotzeko; bestetik, horrekin lotuta, Kristau Eskolak ofizialki jo zuen Lan Harremanen Kontseilura, bitartekaritza hori martxan jartzeko eskariarekin. Gaur egin dute lehen bilera, kontseiluak antolatuta.

Sindikatuek egutegi proposamen bat jarri dute mahai gainean: gatazka eragiten duten puntuei buruz zehazki negoziatzeko lau bilera, guztiak ere azaroaren 7a baino lehen egitekoak —egun horretan dute greba hastekoa—. Bilera prozesu bat hastea adostu dute alde guztiek, eta bihar bertan egingo dute bigarren bilkura. Lan Harremanen Kontseiluko kide bat bitartekari izango da prozesu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.