Datozen bi urtetan 330 milioi euro aurreztea. Horixe du helburu kronikoen arretarako Osakidetzak prestatu duen planak. Gaixo Aktiboa izeneko programa da planaren ardatzetako bat. Iaz jarri zuen martxan. Helburua gaixo kronikoei beren kabuz nola zaindu irakastea da. Hasiera batean 3.500 gaixo eta zaintzaileri eman nahi diete prestakuntza. «Eraginkorragoak izan nahi dugu gaixo kronikoen arretan», nabarmendu zuen programaren aurkezpenean Rafael Bengoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 852.000 gaixo kroniko daude. Eritasun kroniko bat duen gaixo baten arreta batez beste 1.426 euro kostatzen zaio osasun publikoari. Baina asko dituztenen arretan 22.600 euro ere ordain ordain dezake. Osasun publikoan gastatzen den diruaren %70 inguru, gaixo kronikoen arretan gasatzen da. Osasun sailburu izendatu zutenetik, Bengoak begiz jota izan du gaixo kronikoen zaintza. Gastua murriztu eta arrazionalizatze aldera, beste zaintza eredu bat proposatu du. «Populazioa zahartzen ari denez, gero eta gaixo kroniko gehiago ditugu. Egoera horri heldu behar diogu. Etorkizunean dugun erronka nagusietakoa da».
Gaixotasunaren kontrolaren ardura osasun profesionalen eta eri kronikoen artean partekatzea nahi dute. Hau da, gaixo pasiboak zirenak gaixo aktibo bihurtzea nahi dute.
Gaixoak hori ikasten ari dira Osasun Sailak abian jarritako programaren bidez. Aldez aurretik trebatu dituzten gaixo kronikoak dira horretaz arduratzen direnak. Hala, gertutasun bat lortu nahi dute programan parte hartzen duten gaixoekin. Besteak beste, ondorengoa lantzen dute: botikak nola erabili, zer-nola elikatu, zer ariketa fisiko egin, gaixotasun kroniko bat izateak eragin ditzakeen gorabehera psikologikoei nola aurre egin...
Horrekin, gaixoa bere kabuz moldatzea lortu nahi du Osakidetzak, eta, hala, familia medikuarengana nahiz larrialdietara egiten dituen bisitak gutxitzea. Oraingoz, 3.500 gaixo trebatu nahi dituzte. Pixkanaka trebatzaileen sare bat osatuz joan nahi dute, osasun etxe bakoitzean prestakuntza ematen duen talde bat egon dadin.
Horrekin batera, erietxeetan ere hainbat egokitzapen egin nahi dituzte, gaixo kronikoen arretara egokitzeko. Gaixo kronikoen jarraipena urrutitik egitea bultzatuko dute: Internetez eta telefonoz, adibidez.
Bestalde, udan hasiko dira probatzen errezeta elektronikoa. Udazkenerako farmazia guztiek erabiltzea du xede Osakidetzak. Gaixo guztiek izango dute errezeta elektronikoa, baina, epe luzeko tratamenduak izanda, gaixo kronikoek aterako diote etekin gehien. Izan ere, ez dute hain maiz joan beharko medikuarengana errezeten bila.
Nafarroan ere bai
Nafarroako Parlamentuak ere eskatu dio foru gobernuari gaixo kronikoen arretako plan bat lantzeko. Urtebeteko epea eman dio horretarako. Sistemaren iraunkortasuna kontuan hartzea galdegin dio, eta ikuspegi koordinatu eta integratzaile batetik egitea. Proposamenak gaixo horien behar sozialak ere kontuan hartzeko eskatzen zen, baina UPNk eta PSNk puntu horren aurka bozkatu zuten.
Espainiako Osasun ministro Ana Matok ere kronikoen arreta aldatzeko beharra azpimarratu du hainbat agerralditan. «Sistemaren bideragarritasuna bermatu behar da, eta horretarako beharrezkoa da gaixo horiei kasu egiteko modua aldatzea. Izan ere, gehiengoa dira». Eusko Jaurlaritzak egin moduan, gaixoak jarri nahi ditu osasun sistemaren oinarrian.
Kronikoen zaintzan dirua aurreztuz
Gaixo kronikoei kasu egiteko modua aldatu nahi dute administrazioek. Gaixoak beren osasunaren kontrolaz arduratzea nahi dute. Eriak jarri nahi dituzte arretaren oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu