«Ez dugu kuartel berririk behar, ez Donostian, ez munduan zehar». Premisa horrekin aurkeztu zuten igandean Loiolako kuartela lekualdatzearen aurka Donostiako hainbat eragilek sortu berri duten egitasmoa. Udalarekin eginiko akordioan oinarrituta, Espainiako Defentsa ministerioak asmoa agertu du Loiolako kuartelaren orubea hiriari saldu eta 150 metrora dagoen hipikan kuartel berri bat eraikitzeko. Erabaki horri erantzunez, 'Kuartel berririk ez; ez hemen ez inon' ekiinbidearen bultzatzaileek «herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko kanpaina zabal eta plural bat» garatuko dutela iragarri dute.
Eneko Goia alkatea eta Esperanza Casteleiro Defentsa idazkaria otsailean bildu ziren, kuartelaren lekualdaketa zehazteko eta udalak erosiko lukeen orubean eraikiko litzatekeen hirigintza proiektuaz hitz egiteko. Herri ekinbideko kideen ustetan, Donostiak ez du ordaindu behar Loiola auzoan gaur egungo armadaren kuartela kokatzen den lursailengatik, eta hiria «plaza militar» izendatua izatearen ondorioengatik eginiko «etengabeko ordainketak prozesuak» eteteko garaia dela azpimarratu dute, Urgull, Alderdi Eder eta Ondarreta erabilera zibilerako leheneratzeko egin ziren ordainketei erreferentzia eginez.
Adierazi dutenez, «1920an Defentsa ministerioak partikular bati gaur egungo kuartela eraiki zen lursailengatik ordaindutako diru kopurua ezin da bereizi hiriak aurreko mendeetan jasan zituen espazio publikoen bereganatze militarraren eta ondoz ondoko salmenta espekulatiboen prozesu historikoetatik».
Dena den, Donostiak «gerra entrenamendurako balioko duen kuartel bat» behar ez duela nabarmendu dute beste ezeren gainetik ekimenaren aurkezpenean. Alde horretatik, gastu militarra «inbertsio eta alternatiba sozialetara» bideratu eta gizartearen «desmilitarizazio prozesu orokor bat» abiatu beharko litzatekeela adierazi dute, kuartel berri bat «gatazkak konpontzen ez dituen logikoa militaristarekin» jarraituko lukeela eta «milaka errefuxiaturen sufrimendua dakarren Europa gotorlekuaren parte» izango litzatekeela azpimarratuz.
Horregatik, Donostian kuartel berririk ez eraikitzeko eta zaharraren orubeagatik udalak ez ordaintzeko eskatuko dute udaletxean mozio bidez, hurrengo asteetan egingo dituzten beste hainbat ekinbideren artean.