Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

«Kudeaketa estilo berria» iragarri du EH Bildu koalizioak

Gipuzkoako zerrenda aurkeztu du koalizioak: Rebaka Ubera laugarren izango da, eta Juanjo Agirrezabala, seigarren

EH Bilduren zerrendako kide gehienak, atzo, Donostiako Miramar jauregian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Kudeaketa estiloaren aldaketan dago gakoa, EH Bilduren esanetan. Rebeka Ubera zerrendako laugarrenak hala ohartarazi die gainerako alderdiei: «Herritarrek ez dute nahi alderdi aldaketa soil bat, eredu aldaketa nahi dute». Eta Xabier Isasi zerrendaburuak hitzeman du beraiek aldaketa hori ekarriko dutela: «Kudeaketa estilo berria da gure soluzioa. Gardentasuna, herritarren parte hartzea eta oreka da soluzioetarako gure proposamena». Krisiaren inguruan herritarrek «soluzioak» behar dituztela azpimarratu du, Gipuzkoako zerrendaren aurkezpenean, eta beraiek «Gipuzkoatik abiatuta» horixe ekarriko dutela hitzeman.

Adi-adi entzun zituzten hautagaien hitzaldiak, atzo, Miramar jauregian egon ziren ordezkari politikoek. Han ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Elena Franco Ogasun diputatua, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua eta Joseba Permach ezker abertzaleko kidea.

EH Bilduko hautagaiek argi daukate krisia ez dela gaindituko hura «sorrarazi zutenen eskuetan». Horregatik, eta nahi dituzten erabaki ekonomikoak hartu ahal izateko subiranotasun handiagoa behar dela argi utzi ostean, hori lortu gabe ere praktikan jar daitezkeen neurrien adibideak eman zituen Isasik. «Krisiaren aitzakian» eskubideak murriztea salatu zuen, eta «konpromiso irmoa» hartu zuen hezkuntzan, osasunean eta ongizatean zerbitzuak «defendatzeko eta zabaltzeko». Horrez gain, zerga sistema progresiboa indarrean jartzeko lanean ari direla esan zuen. Izan ere, EH Bilduren irudiko, baliabideak badaude egun, baina kontua da baliabide horiek nola banatzen diren. «Sektorerik ahulenak ezin izan daitezke krisiaren zigorra hartzen dutenak. Gehien daukatenek gehiago eman behar dute».

Isasik ez ezik, Uberak ere gainerako alderdiei begiratu zien adierazpen horiek egitean. Uberak gogora ekarri zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok esan duela gehien dutenek gehiago ordaindu beharko dutela. Boterean egon direnean halakorik ez dutela martxan jarri ekarri dute gogora EH Bilduko hautagaiek. «Elektoralismoa» egitea aurpegiratu die Isasik.

Bilduk gobernuan den tokietan norabide horretako proposamenak egin dituela ekarri zuen gogora zerrendaburuak. Gipuzkoako Diputazioko adibidea jarri zuen Uberak: «Martin Garitanok eta Helena Francok egin egin dute, urtebetean. EAJk, berriz, 30 urte daramatza hizketan». Isasik argi esan zuen: «Gipuzkoan agerian geratu da aldaketarako alternatiba bakarra EH Bildu dela, gainontzeko indarrek proiektu bera baitaukate».

Gipuzkoa Euskal Herriko «ernamuina» dela azpimarratu zuen Isasik: «Euskal Herriaren ezaugarriak ondoen islatzen dituena». Lurralde horretan ziklo aldaketa abian dela goraipatu zuen.

Gainera, «euskararen herrialdea» ere Gipuzkoa dela nabarmendu zuen, eta «garapen soziolinguistikoa» jo zuen haren bermetzat. Hizkuntza normalizaziorako lan egingo dute.

Talde prestua

Hori guztia aurrera eramateko«gizon eta emakume prestuak» dituztela nabarmendu zuen Isasik. Gipuzkoako zerrendan Pello Urizar izango da bigarrena, Marian Beitialarrangoitia hirugarrena eta Rebeka Ubera laugarrena. Juanjo Agirrezabalak errepikatu egingo du legebiltzarkide kargua, seigarren postuan baitago. Lorea Agirre kazetaria eta Huheziko irakaslea 10. postuan dago, eta, besteak beste, Jose Luis Otamendi idazleak eta Ainhoa Beola Aralarreko kideak osatzen dute zerrenda, 12. eta 13. lekuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.