Kukutza

Kukutza eraitsi zuten eguneko hemezortzi atxilotu errugabe jo dituzte, eta bat zigortu

Lau hilabeteko zigorra jarri diote zigortu dutenari. Kukutzarekin Elkartasun Taldeak adierazi duenez, manifestazio eskubidea gauzatzeagatik soilik atxilotu zituzten hemeretzi lagunak.

2016ko apirilaren 19a
07:44
Entzun

Iazko irailean Bilboko Hirugarren Zigor Auzitegian egindako epaiketaren sententzia atzera bota du Lurralde Auzitegiak. Errugabe jo ditu 18 lagun eta bakarra zigortu dute. Epai hark kide guztientzat zigor bera eskatzen zuen: desordena publikoengatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta sortutako kalteengatik Bilboko Udalarentzat 84.000 euroko kalte-ordaina.

Pasa den astean iragarri zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bere erabakia. Eta gaur goizean egin du Kukutzarekin Elkartasun Taldeak balorazioa. Kukutzarekin Elkartasun Taldeak adierazi duenez, manifestazio eskubidea gauzatzeagatik soilik atxilotu zituzten hemeretzi kide horiek, eta Lurralde Auzitegiak horixe adierazi du. Horrez gain, kondena horiei eusteko froga nahikorik ez dagoela esan du.

Prozesua luze joan da, 2011ko irailaren 23an Kukutzaren aldeko mobilizazioetan atxilotutako kideak iazko irailean epaitu zituzten. Eta orain, epai hura baliogabetzen duen bigarren sententzia jakinarazi dute. Kukutzarekin Elkartasun Taldeak ohartarazi duenez, epaiketan argi gelditu zen ertzainen testigantzak kontraesankorrak izan zirela, eta egin zituzten atxiloketen funtsa ahulenarekiko ausazko erasoa izan zela: “Atxilotu guztiak mobilizazioaren aurkako kargetan lurrera erori edo portaletan babestu zirelako atxilotu zituzten”.

Gogorarazi nahi izan dute gainera, gaztetxea hustu zuten egunean atxilotu zuten kide bat, hiru urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan dagoela eta hari buruzko azken erabakiaren zain daudela. “Beste epai horretan ere Lurralde Auzitegiak irizpide berak jarraitzen baditu, kide hori libre geldituko da, bai ala bai. Bere kontra zeuden lekukotzak surrealistak ziren, inolako sinesgarritasunik gabekoak”, azaldu du Iñaki Carro auzipetuen abokatuetako batek. Azken erabaki hori argitaratzen denean, Kukutzari buruzko kasu guztiak bukatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.