Bihartik aurrera hainbat kultur sortzailek babesa eskainiko diote BERRIAlaguna kanpainari. Atxikimendu horren erakusle, sortzaile bakoitzak bere lan bat aukeratuko du, eta astero, Igandea gehigarriko azken orrian ikusi ahal izango da. Bihar Antton Mendizabalek emango dio kanpainari babesa, Sutar eskulturarekin.
Orain arte hainbat argazkilariren, bertsolariren eta musikariren atxikimendua jaso du kanpainak, besteak beste.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, euskarazko hedabide taldea ahaleginean ari da ahal den herritar eta eragile gehienengana iristi nahian, BERRIAlaguna komunitatea indartu eta diru bilketa egiteko.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak".
Nagusiki, bi dira horren arrazoiak: batetik, hedabideetan gertatzen ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txiki batekin—; bestetik, krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.