Europako Banku Zentralak mozkinak banatzeko unean bankuei eman dien gomendioa bete duela nabarmendu du Kutxabankek. Horrenbestez, iaz izandako irabazi garbien %30 banatuko dizkie bere hiru akziodunei. Aurreko urtean, berriz, Espainiako Bankuaren irizpidea bete zuen bankuak, eta irabazien %25 banatu zizkien. Ondorioz, gizarte ekintzara bideratutako dirua iaztik hona %66 handitu dela nabarmendu du Kutxabankek. Iaz, 27,1 milioi izan ziren.
Agiri baten bidez, Kutxabankek jakinarazi du bankuen ikuskatzaile berriak —azarotik EBZk gainbegiratzen ditu Kutxabank eta beste banku nagusiak— ezarri dituen hiru kaudimen maila desberdinen baldintzak gainditu dituela, eta, beraz "askatasuna dauka irabaziak irizpide kontserbadoreekin banatzeko”. Horrek Europako Banku Zentralaren arabera esan nahi du “finkatu diren kaudimen baldintzak ez ipintzea arriskuan, ezta testuinguru okerrenetan ere”.
Bateratu osteko lehen ekitaldian Kutxabankek 55,8 milioi euro bideratu zituen gizarte ekintzetara, 2012ko irabaziei zordunduta. Zenbateko horri 2014ko abenduan egin zen 27,09 milioi euroko ordainketa batu zitzaion, 2013ko emaitzei zordunduta, bai eta 2014ko mozkinei kenduta banatuko diren 45 milioiak ere.
"Estatuko gizarte dibidendu handiena da erakundearen tamaina aintzat izanez gero", ziurtatu du bankuak.
Kutxabankek bere akziodunei ematen dien dibidendua da BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren gizarte ekintzaren zati garrantzitsuena. Horiei batu behar zaizkie banku fundazio bakoitzak gorde dituen diru sarrera propioak.