Kutxabank osatzen duten hiru aurrezki kutxetako —BBK, Kutxa eta Vital Kutxa— gizarteekintzek programa bat jarri dute martxan, gizartean baztertuta egon eta hipoteka ordaindu ezin dutenei laguntzeko. Programa Kutxabankeko bezeroentzat da, eta zazpi milioi euroko aurrekontua du. Etxelan jarri diote izena.
Atzo eman zituen planaren xehetasunak Kutxabankeko lehendakariorde Carlos Zapaterok. Hark azaldutakoaren arabera, planak bi helburu ditu. Batetik, Caritasekin, kaltetuei gizarterako eta lanean hasteko bidea zabaldu nahi diete. Bestetik, etxebizitza bat izateko duten beharrari erantzuten saiatuko dira.
Programan parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte kaltetuek: ordaindu ezin duten etxebizitza Araban, Bizkai an edo Gipuzkoan egotea, eta ohiko bizilekua izatea; familiako kide bakar batek ere soldatarik ez izatea; eta hipotekaren kuota familia horrek dituen diru sarrera garbiak baino %60 altuagoa izatea. Zorra ordaintzeko bestelako jabetzarik ez izatea ere jarri dute baldintzen artean.
Kaltetuek ezinbestean onartu beharko dituzte lan egin ahal izateko eta gizarteratzeko egiten dizkieten proposamenak. Bestalde, etxebizitzaren hipoteka gauzatu bada, Kutxabankek beste etxebizitza baten alokairua ordaintzen lagunduko die. Alokairuaren prezioaren eta duten bazterketa egoeragatik administrazioek ematen dizkieten diru laguntzen artean dagoen aldea ordainduko diete. Gehienez bi urtez emango diete laguntza hori.
Stop Desahucios elkartea Kutxabanken programaren aurka azaldu da: «Sinetsarazi nahi digute lagundu egin nahi dutela, baina egunero ari dira familiak kalera bidaltzen». Salatu du Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza zerbitzua jarri zuenetik Kutxabankeko kaltetu guztiek ezezko erantzunak jaso dituztela. Hipoteka ordaindu ezin duten pertsonen arazoa nola konpon daitekeen argi du Stop Desahuciosek. «Berriro negozia ditzatela hipoteken baldintzak kaltetuekin, edo, bestela, onar dezatela etxea ordainean ematea zorra kitatzeko».
Banatuz sindikatuak ere Kutxabanken egitasmoa salatu du. «Gizarte ekintzako dirua ezin da hipotekak ordaintzeko izan. Tranpa bat da hori. Erabil dezatela irabazietan lortzen duten dirua». Beste inor etxetik ez botatzeko eskatu diote Kutxabanki. «Guk egin dizkiegu hainbat proposamen ».
Kutxabankek Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzua onartzen ez duela salatzeko, hainbat gizarte taldeetako kideak aurrezki kutxak Bilbon duen egoitzan sartzen saiatu ziren, baina ez zieten utzi. Berri Otxoak taldeak, berriz, protesta egin zuen BBVAren egoitzaren inguruan, etxerik gabekoen egoera salatzeko.
Kutxabankek etxea ordaindu ezin dutenei lagunduko die
Gizarte ekintzako zazpi milioi euro bideratuko dituzte laguntzetara; Stop Desahucios-ek egitasmoa salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu