Maskara zuriak eta ileorde moreak jantzita eta titiak agerian zituztela agertu dira LAB sindikatuko kideak Gipuzkoa Foru Aldundiaren parera gaur goizean, salatzeko langileak «biluzik» geratzen ari direla Gipuzkoako zahar etxeetako lan hitzarmenaren egoeraren ondorioz. Greba deialdia egin zuen sindikatuak gaurko. Bukaerarik gabeko soka bat dirudi sindikatuak, patronalak eta foru aldundia protagonista dituen lan gatazka horrek, eta, oraingoz, ez dirudi konponbidea iristear denik. LABek deitutako hemezortzigarren greba eguna da gaurkoa, 2018. urteko irailetik. Bestetik, ELAko langileek azaroaren 11n hasi zuten hilabeteko lanuzte bat, eta, abenduaren 11ra arte irauten badute, 149 izango dira greban egindako egunak. Eurek dute ordezkaritzarik handiena sektorean (%60).
Leire Ormazabal LABeko arlo soziokomunitarioko arduradunaren arabera, «blokeoa erabatekoa da» orain. Kritika egin dio azaroaren 8an UGT sindikatuak patronalekin sinatutako gutxiengoen akordioari: «Egoera dramatikoa zen duela hilabete gutxi, eta are dramatikoagoa orain; soldata igoera batzuk besterik ez du biltzen sinatu duten hitzarmenak». ELA, LAB eta CCOO sindikatuek arbuiatu egin dute ituna, eta UGTk negoziazio mahaian %10eko ordezkapena ere ez duela salatu. LABeko ordezkariaren ustetan, «zer ibilbide juridiko» izango duen ez dakiten itun horren ondorioz, zailagoa izango da akordio bat lortzea eta herrialdeko hitzarmen bat izatea.
Dena den, Ormazabalek ez ditu UGT eta patronalak soilik egin egoeraren erantzule: «Erruduntzat jotzen dugu UGT sindikatua, ordezkaritzaren %10 ere izan gabe biluzik utzi gaituelako; patronalak, joko horretan sartzeagatik; ELA, gehiengo gisa dituen ardurak ez betetzeagatik —negozio mahaian eseri gabe urtebete daramalako—; eta, noski, Gipuzkoako Foru Aldundia, sektorearen, sektoreko langileen eta erabiltzaileen arduradun gisa». LABeko ordezkariak esan du «amaieraraino heltzeko prest» daudela, «langileek, erabiltzaileek eta hitzarmenak merezi dutelako».
Senideen bilera
Egoitzetako egoiliarren senideek osatutako Gipuzkoako Senideak elkarteak bilera egin zuen atzo Maite Peña aldundiko Gizarte Politiketako diputatuarekin. Idatzi baten bidez, publiko egin dituzte hitz egindakoak. Egoiliarrei zuzenean eragiten dieten hainbat eskaera egin zizkion elkarteak aldundiari. Lan gatazkari dagokionez, berriz, Gipuzkoako Senideek bere burua aurkeztu zuten epaile lanak egiteko, baina Peñak erantzun zien horretarako «legitimitaterik» ez dutela. Inork ez ditu bitartekari lanak egin hitzarmenaren aferan. Amaitzeko, senitartekoek azaldu dute gatazka noiz arte mantentzeko asmoa duen galdetu ziotela diputatuari, «egoerak eragiten dituen galtzaile nagusiak» erabiltzaileak direlako. Gaurko mobilizazioetan parte hartzera ere deitu zuen elkarteak.