Zaintza

LABek eskatu du zaintza lanak eremu pribatutik ateratzea eta «duintzea»

Sindikatuko 200dik gora emakume Oiartzunen bildu dira, greba feminista antolatzeko. «Zaintza komunitarioa» aldarrikatu dute

LAB sindikatuko emakumeen batzarra, atzo, Oiartzunen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO/ FOKU.
edurne begiristain
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
LAB sindikatuko 200dik gora emakumek batzarra egin zuten atzo Oiartzungo (Gipuzkoa) Landetxe aretoan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba feminista orokorraz gogoeta egiteko. «Bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko» deitua dute grebara, eta egun horri begirako prestalanak egiten hasia da sindikatua. Izan ere, zaintzarena da LAB sindikatuaren erronka nagusietakoa, eta zaintza lanak eremu pribatutik atera eta horiek «duintzea» helburu hartu du sindikatuak grebari so.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak nabarmendu zuenez, gero eta nabariagoa da zaintza eredua «krisian» dagoela eta «bidegabea» dela: «Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo gizartearen zahartzea. Egoera jasanezina bilakatzen ari da emakumeontzat, eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat».

Zaintza sistema «publiko komunitarioa» eratzea ezinbestekoa dela uste du sindikatuak, eta, datorren astetik aurrera eskualde guztietan batzarrak egingo ditu delegatuekin batera, aldarrikapen hori hizpidera ekartzeko.

Atzo Oiartzunen egindako batzarrean ere, grebara begira egin beharreko urratsak hizpide izan zituzten sindikatuko emakumeek. Goizean, bideo emanaldi batekin hasi zuten batzarra, eta LABek sindikatu feminista bat izateko eman dituen pausoak aztergai izan zituzten. Gainera, zaintza eremuko eta lanbide feminizatuetako hainbat langileren borroken lekukotzak entzun zituzten, eta bildutako andre guztiekin euren aldarrikapen nagusiak partekatzeko aukera izan zuten.

LABek batzarraren ostean jakinarazi zuenez, bileran parte hartu zuten emakumeen ondorio nagusia izan zen egungo zaintza sistema «irauli» egin behar dela. Xede horren aldeko pausoak ematera engaiatu ziren batzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.