LAB sindikatuak eskakizun bat egin dio gaur Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari: «Jangelen aldeko benetako apustua egin dezala eta lehenbailehen dei ditzala langileen ordezkariak elkarrizketa mahai batera, 2000ko martxoaren 22ko agindua eta jangelen zirkularra negoziatzeko». Sindikatuak adierazi du Hezkuntza Sailak baliabide gehiago eman behar dituela ikasleendako eta langileendako jangela «seguru eta kalitatezkoak» izateko.
Sindikatuak azaldu du egoera konpontzeko zenbait alternatiba proposatu dizkiola Hezkuntza Sailari, baina ideiak ez dira onartu. Izan ere, Hezkuntza Sailak dio jangeletan azpikontratatutako langileak dauden heinean negoziazioak enpresekin egin behar direla. LABek, ordea, argudiatzen du hitzarmen kolektiboa enpresekin negoziatuko dutela, baina jangelen funtzionamendu araudiak ez, Hezkuntza Sailaren eskumenekoak direlako. Izan ere, araudi horietan lan baldintzekin zerikusia duten gaiak lantzen dira: ratioak, funtzioak, lanaldiak eta ordutegiak.
Jangeletako langileek gero eta funtzio gehiago dituztela salatu du LABek, eta ahal duten guztia egiten ahalegintzen badira ere anitzetan zaila egiten zaiela. Ratioak dira horren erakusle: haur hezkuntzako ikasleak dituzten jangeletan, begirale batek hamabost umeko ratioa du; lehen hezkuntzako ikasleekin, 37 umeko ratioa dute begiraleek; bigarren hezkuntzako ikasleekin, berriz, 45 umeko ratioa dute begiraleek.