LABek salatu du euskaraz ez dakiten bi udal arduradun izendatu dituztela Donostian

Sindikatuak salatu du udalak «irizpide politikoz» zuzenean hautatuko bi arduradun direla, eta euskaraz «funtzionatzeko» gaitasuna duten departamentu biren buruak direla orain.

Donostiako alkate Eneko Goia azalpenak ematen, artxiboko irudi batean.
Donostiako alkate Eneko Goia azalpenak ematen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2023ko azaroaren 24a
16:50
Entzun

Euskararen Eguna hemen da, eta Donostiako Udalari buruz udan jakinarazitako albiste bati segida eman dio LAB sindikatuak, ondorioez ohartarazteko; izan ere, sindikatuak orduan azaldu zuen arduradunak izendatzeko salbuespenezko prozedurak hasi zituela udalak, eta horien ondorioz ez zutela udal langile izan beharko, eta euskararen ezagutzarik ere ez zutela ziurtatu beharko. Orain, LABek salatu du Ingurumen zuzendaria eta Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko zinegotzi arduraduna ez direla euskaldunak. Euskaraz «funtzionatzeko» gaitasuna duten departamentu bitan ari dira biak lanean, horien buru.

Euskararen aurrerabideen gaineko «inboluzio juridikoa» agerikoa dela salatu du sindikatuak, eta hori salatzeko berriki egin diren mobilizazioetan parte hartu duela Donostiako alkate Eneko Goiak. Gogora ekarri du, besteak beste, azaroaren 4an Kontseiluak deituta Bilbon egin zen manifestazio jendetsuan egon zela. Horiek horrela, LABentzat aski paradoxa kritikagarria da «isil-isilik» onartu izana udal barruan «arduradun elebakarrak» izendatzea.

Sindikatuak EAJri eta PSE-EEri leporatu die beren inguruko jendeari mesede egitea dela halako izendapenak sustatzearen helburu bakarra: «Legezkoa izan zen egin zutena, baina zuzena ez». Izendapenak era «lotsagarrian» egin direla uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.