"Harrituta eta haserre". Halaxe daude Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) zentroetako langileak, LAB sindikatuak azaldu duenez. Lan hitzarmenak eragin du sindikatuko kideen ezinegona. "Irailetik aurrera Espainiako lan hitzarmena ezarriko duela jakinarazi digu Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaritzak", nabarmendu du LABeko arduradun Esther Hernandorenak. Ikastoletako langileek lan hitzarmen propioa izan dute orain arte. 2010. urte amaiera zuen amaitzeko data hitzarmen horrek. Hitzarmen berria sinatu bitartean aurreko hori indarrean egon dela zehaztu du Hernandorenak. Azken hilabeteotan NIEko zuzendaritzako kideekin hamaika bilera egin dituztela erantsi du. "Ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi, ordea".
Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketen harira, 2010ean eta 2012an soldata jaitsi egin zien NIEk bere zentroetako langileei. "Haien soldata taulak onartzea besterik ez dute nahi zuzendaritzako kideek; ez dute beste aukerarik uzten". Espainiako lan hitzarmena ezarriz gero, irakasle bakoitzak eman beharreko eskola orduek gora eginen lukete ikastoletan, eta, ondorioz, hainbat lanpostu kolokan egonen liratekeela salatu dute LABeko kideek. Egun, 700 langile baino gehiago daude NIEko ikastetxeetan.
Hernandorenak argi utzi du badakitela ikastolen egoera ekonomikoa ez dela ona, eta gaineratu du bat egiten dutela zentroen proiektuarekin. Espainiako lan hitzarmena ezartzeak proiektu horri kalte eginen liokeela nabarmendu du LABeko arduradunak, hain zuzen. "Pribatizazioaren eremuan kokatuko lituzke ikastolak, esparru arrotz batean", erran du.