Labiano eta Gartxotenearen aurkako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak

Urtebeteko zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, lekuko anonimo baten testigantzan oinarrituta

Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea gazteak, iazko uztailean, Auzitegi Nazionalean epaitu zituztenean. ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea zarauztarreiAuzitegi Nazionalak ezarritako zigorra. Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu akusatuen abokatuak egindako helegitea, eta, horrela, ontzat jo du urtebeteko zigorra.

Urtebeteko zigor batekin «normalean» ez dela kartzelara joaten esan du Mikel Elortzak, defentsaren abokatuak. Labianok eta Gartxoteneak, ordea, aurrekari penalak dituzte: bederatzi hilabetera zigortu zituen Donostiako Auzitegi Nagusiak, Zarauzko ezker abertzalearen hautagaitzaren legez kanporatzea salatzeko egindako ekintza baketsu batengatik. Orain, Elortzaren ustez, Labianok eta Gartxoteneak bi zigorrak bete behar izatea eragingo du Auzitegi Gorenaren epaiak.

Isilpeko salaketa, oinarri

Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» egotzi zien bi gazteei. 2009ko irailean, Txiki eta Otaegi oroitzeko manifestazioan, «Gora ETA» oihukatu zutela salatu zuen lekuko anonimo batek. Lekuko anonimo horren testigantzan oinarritu zen Auzitegi Nazionala bi akusatuak zigortzeko.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «izugarria» deritzo lekuko anonimo baten testigantza nahikoa izatea bi gazteak zigortzeko. Defentsaren abokatuak aurkeztutako helegiteak ere zalantzan jartzen du lekuko anonimoaren legezkotasuna eta hura zigorraren oinarria izatea.

Bi zigortuei elkartasuna adierazteko, manifestazioa egin zuten atzo Zarautzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.