Lafuentek NUPen defentsa egin du: «Esfortzuak ez du inoiz mespretxurik merezi»

NUPeko errektoreak, Kutzi erantzunez, unibertsitatean egiten dituzten ikerketen maila goratu du

arantxa iraola
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Julio Lafuente NUP Nafarroako Unibertsitateko Publikoko errektoreak gogor gaitzetsi zituen atzo Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Maria Kutzek berriki unibertsitateari buruz egin dituen adierazpenak. Aste honetan, kontseilariak gutxietsi egin ditu NUPen egiten dituzten ikerketak, eta modu horretan argudiatu du erakunde hori, Opus Deik zuzentzen duen Nafarroako Unibertsitatea ez bezala, Osasun Ikerkuntzako Institututik kanpo laga izana. Lafuentek garbi azaldu du Kutzen portaerak eragin duen ondoeza. «Ez ditugu merezi egin diren adierazpenak, eta sentimen txarra eragin dute, bai campusean eta bai kanpoan», azaldu du, minduta. «Esfortzuak inoiz ez du mespretxurik merezi».

Datuak eman ditu Lafuentek NUPen egiten den ikerketa lanaren alde egiteko. Medikuntza Fakultaterik ez izan arren osasun alorrean ere erruz ikertzen dutela azaldu du. Hain justu, NUPen gaur egun denera 950 ikertzaileari direla azaldu du, eta horietako 215 ari direla osasun gaiak ikertzen: bioingeniaritza, biologia,estatistika, soziologia... Hainbat adarretatik heltzen diote gaiari. 23 ikerketa taldetan banatuta ari dira. Erizaintza eta Fisioterapia titulazioez gain osasun gaiekin lotutako bost master daudela zehaztu du. «Ikertzen da, ondo ikertzen da», azaldu du. «Emaitzak bikainak dira». Argitara ematen diren artikuluen %45 nazioartean ospe handiena duten argitalpenetan agertzen dira.

Yolanda Barcina UPNko presidenteak, Kutz alderdikideari kontra eginez, NUPeko ikerketa maila aintzat hartu du egun hauetan, eta unibertsitate publikoak ere Osasun Ikerkuntzako Institutuan egon behar duela azaldu du. Barcinak harreman zuzena du NUPekin, hango irakaslea baita, eta harekin hitz egiteko modua izan duela azaldu du Lafuentek. Modu positiboan. «Onesten du zentroaren kalitatea».

UPNren erantzuna

Nolanahi ere, UPN barruan ustez gai honek eragin dituen desadostasunei garrantzia kendu diete alderdi barruko informazio iturriek; Maria Kutz eta Yolanda Barcina sakonean gauza berbera esaten ari direla azaldu dute. «Polemikarik ez dago», azaldu du, esaterako, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak. Eta alderdiak ohar bat atera du, unibertsitate publikoaren aldeko sostengua erabatekoa dela azaltzeko: «UPNk beti egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren alde, zintzotasun osoz».

NaBaik eta PSNk, ostera, UPNri kritika egiteko baliatu dute alderdi barruan sortu den polemika. «Barcina eta Kutz, polizia onaren eta gaiztoaren jolasean ari dira, batetik Nafarroako Unibertsitatea pozik edukitzeko eta beste aldetik NUPekin ere auzia konpontzen saiatzeko», azaldu du Asun Fernandez Garaialde NaBaiko Osasun Batzordeko ordezkariak. Unibertsitate publikoa UPNk guztiz baztertua duela salatu du. «Legealdian argi uzten ari da ez duela NUPen alde egiteko asmorik». Bide horretan, gainera, PSN lagun duela salatu du. Gogora ekarri du, hain justu, alderdi horren jokamoldeagatik ezin izan dela ezarri NUPen Medikuntza Fakultatea.

PSNk, ordea, berak ere unibertsitate publikoaren aldeko jarrera «irmoa» duela azaldu du. Asmo horrekin Nafarroako Parlamentuan galdera bat erregistratu du Maria Kutzentzat; NUPen gainean hartutako erabakian atzera egiteko asmorik baduen galdetuko diote. Barcinaren adierazpenei buruz ere egingo diote galdera. «Behingoagatik argitu egin behar dute zeinleku eman nahi dioten unibertsitate publikoari», eman du aditzera PSNk parlamentuan duen eledunak, Samuel Carok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.