Istripua abuztuaren 27an gertatu zen, 16:45ak inguruan, A-15 autobidean, Berastegiko irteera baino lehen (Gipuzkoa). E. A. M. emakume ordiziarra, 29 urtekoa, Iruñera zihoan Renault Clio auto batekin, eta beste auto gidari batek errepidetik bota zuen. "Nire bila etorri zen. Ezin dut ulertu", dio, istripuak eragindako lesioetatik osatzen den bitartean. Gidariak ihes egin zuen, eta emakumeak eta haren sendiak laguntza eskatu dute identifikatu ahal izateko. Ertzaintzak zirkulazioko kamerak aztertu ditu, eta BERRIAri esan dio horietan ezin direla irakurri une horretan handik pasatzen ari ziren autoen matrikulak. Emakumearen senideek 645-96 42 78 telefono zenbakia jarri dute istripua eragin zuen gidariaren inguruan arrastoren bat eman dezaketenen eskura.
Emakumeak uste duenez, istripua gertatu baino metro batzuk lehenago egin zuen aurreratze batek haserrarazi zuen beste gidaria. "Ni eskuineko bidetik nindoan, eta moto bat aurreratzen hasi nintzen. Sobra ere, bera ezkerrekotik etorriko zen, nik ez nuen ikusi, eta abiadura moteldu arazi nion". Hori gertatu ondoren, beste gidaria, "haserre", keinuak egiten hasi zen. "Auto handi bat zen, nahiko berria, monobolumena edo 4x4 auto bat, kolore argikoa, grisa edo beixa. Gidariak ere ile argia zuen, txuria esango nuke, eta pixka bat luzea. Eguzkitako betaurrekoak zeramatzan".
"Zure bila joan da"
E. A. M.-k motorra aurreratu ondoren eskuineko bidera itzuli zenean gertatu zen ezbeharra. "Ispilutik haserre ikusi nuen, keinuka, eta motorra aurreratzerakoan gaizki egingo nuelakoan, aurreratzen zidanean barkamen keinu bat egin nahi nion. Nire parera iritsi zenean, ordea, eskuinera egin zuen ni jotzeko asmoz. Hori ikusi nuenean nik ere eskuinera egin nuen, eta autoaren kontrola galdu nuen. Lehenago aurreratu genuen motorreko gidariak ere garbi esan zidan: "Zure bila joan da". Autoaren kontrola galduta, lehenik eskuineko baztarrak jo zituen emakume ordiziarraren autoak, gero beste aldera pasa eta ezkerrekoak, eta azkenik eskuinean bukatu zuen.
"Irabiagailu batean bezala nengoen. Autotik atera eta errepide erdira atera nintzen. Moto gidariak eskatu zidan errepidetik ateratzeko, eta bera hasi zen nire autoaren zatiak jasotzen. Beste auto batzuk ere geratu ziren". Istripua eragin zuen autoa ez zen geratu, ordea. "Ispilutik bazetorrela ikusi nuen, ni izorratzeko keinuak eginez. 'Ordaindu egingo didazu', adierazi zidan".
"Ero bat da"
Ertzaintzan salaketa jarri zuen emakumeak, penaletik, eta zirkulazio kamerak aztertzeko eskatu zien. Ordiziako alkatearen eta Gipuzkoako Aldundiko Trafiko zuzendariaren babesa jaso dute. BERRIAri Ertzaintzak berak adierazi dionez, istripua gertatu zen lekuan ez dago kamerarik, eta aurretik eta ondoren emakumeak ematen duen deskribapenarekin bat datozen lauzpabost auto ikusten dira. "Hau ez da telebista, ordea. Ezin dugu irudia hartu, handitu eta garbitu matrikula irakurtzeko. Hori telebistan gertatzen da".
Hori jakinik eta aldundiaren laguntza izanik, ordainlekuetako kamerak aztertzeko eskatuko dute. Hala ere, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko autobide hori egunero hartzen duen jende asko dagoela aintzat hartuz, istripua eragin zuen gidariaren inguruan arrastoren bat eman dezaketenen laguntza eskatu dute, norbaitek ezagutu eta bide hori egiten duela jakingo duelakoan. "Guri gertatu zaigu, baina horrelako norbait errepidean egotea denontzat da arrisku bat. Zulo bat arriskutsua da, baina hor dago, eta, garaiz ikusiz gero, saihestu dezakezu. Gidari horrenak, ordea, ez du izenik. Ero bat da".