Lamarcak sexu bereko bikoteen eragozpen administratiboez ohartarazi du

Gabeziak dauden zerbitzu guztietan eskabide, inprimaki edo agiri guztiak egokitzeko eskatu du

Erredakzioa
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioak ez dira familia eredu berriak ahalbidetu dituzten zuzenbide aldaketetara behar bezala egokitu, eta aldaketa hori egiteko eskatu die EAEko Ararteko Iñigo Lamarcak. Sexu bereko gurasoek eta horien seme-alabek osatzen dituzten familiek, edota sexu bereko bikoteek, oztopo batzuk dituzte administrazioarekin harremana izatean. Oztopo horiek ez dizkiete ukatzen eskubideak, baina «arrazoirik gabeko zailtasunak» sortzen dizkiete, arartekoaren iritziz.

Diru laguntzak eskatzeko inprimakietan, kiroldegietan izena emateko agirietan, edota udalekuetan, hizkuntza eskoletan zein haurtzaindegietan izena ematekoetan... Eremu askotan gertatzen dira gay eta lesbiana elkarteek azken urtetan salatutako oztopoak, eta Arartekoak bildu egin ditu. Inprimaki horietan, besteak beste, aitak eta amak osatutako familiak baino ez dituzte jasotzen, eta sexu bereko pertsonek osatzen dituzten familiek ere bete behar dituzte, haien familia ereduarekin bat etorri ez arren.

Mota guztietako prestazioak edo zerbitzuak lortzeko, izatezko bikote eta ezkontza homosexualei eta seme-alabak dauzkaten familia homoparentalei eragiten dieten eskabide guztiak aldatzeko eskatu die Arartekoak administrazio guztiei. Irizpide hori bera zerbitzuak kudeatzen dituzten zentro eta erakunde guztietara zabaltzeko eskatu die.

Amatasunaren arazoa

Arartekoak egindako azterketan bereziki landu du lagundutako ernalkuntzako teknikak erabiliz seme-alabak dituzten emakume familia homoparentalen egoera. Espainiako legediaren ondorioz seme-alaba euren ezkontzaren barruan jaio arren, ama biologikoak baino ez du amatasun automatikoa. Hori zuzentzeko aldaketak Espainiako legedian gertatu behar duen arren, EAEko Administrazio Nagusiak klinika eta ospitaletan horri buruzko argibideak eman ditzakeela gogorarazi du Arartekoak, argibideak eman ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.