HEZKUNTZA

Lan erreformaren aurka protesta egin dute itunpeko eskoletako milaka langilek

Itunpeko eskoletan %80ko erantzuna du grebak, ELAren arabera. Eskola ia guztietan grebaren eragina nabari dela adierazi du sindikatuak. Denera 12.000 langile daude lanuztera deituta, EAEko lan hitzarmena ez duelakoan ezarri nahi patronalak.

Itunpeko ikastetxeetako langileen protesta. ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko irailaren 26a
13:04
Entzun

Kristau Eskoletan eta AICE elkartean bildutako ikastetxeetan greba eguna dute gaur. ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek egin dute deia. Lan erreforma dago auziaren oinarrian. Sindikatuen arabera, erreformak emandako aukera baliatuz, patronalak hautsi egin du akordioa, hots, hitzarmen berria egin arte aurrekoarekin jarraitzea. Horretan atzera eginarazi nahi diote patronalari, eta soldatetan izandako murrizketa langileei itzultzea.

12.000 langile daude grebara deituta, eta %80 inguru ari dira parte hartzen, ELAren esanetan. Ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuengatik ireki egin behar izan dituztela eskola guztiak. 113.000 ikasle inguru ari dira Kristau Eskoletan eta AICE elkarteko ikastetxeetan.

Goizean ere egin dituzte protesta batzuk, baina hitzordu nagusiak 11:30ean izan dituzte. Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta egin dute manifestazioa; Bilbon, Rekalde zumarkalean Eskolapioek daukaten ikastetxetik; eta Donostian, Bulebarretik.

Milaka lagun batu dira hiru manifestaldietan, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Lan erreforma ezarrita eraso "izugarriak" espero dituzte; besteak beste, soldatak jaistea eta lan karga handitzea. "Ez dugu onartuko pisua langileen bizkar jartzea", ohartarazi dute. Ziur azaldu dira gaurko mobilizazioekin patronalak atzera egin beharko duela, eta urrirako eta azarorako deitu dituzten lan etenek —urriaren 21etik 25era, eta urriaren 25etik azaroaren 9ra—  gaurkoen indar bera izateko nahia azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.