Asteburuan Eusko Jaurlaritza egitekoa den lan eskaintza publikoko azterketak «iruzurtzat» hartu ditu EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Donostian protesta egin zuten atzo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ordezkaritzaren atarian. Osakidetza euskalduntzeko planek «porrot» egin dutela ohartarazi zuen Igone Lamarain EHEko bozeramaileak. Datorren lan eskaintza publikoak «porrot» hori konpontzeko ez duela balioko erantsi zuen, eta neurriak hartzeko eskatu zion Jaurlaritzari: «Administrazioak euskaraz funtzionatzeko pausoak eman behar ditu». Lan eskaintza publikoa horretarako tresna izan zitekeen arren, administrazioak ez duela aukera baliatu eta euskal hiztunen eskubideak urratzen jarraituko duela uste du EHEk. Hori salatzeko, protesta egingo du larunbatean, Barakaldoko BECen. LAB sindikatuak bat egin du protesta horrekin.
Osakidetza eskaintzen ari den 2.600 lanpostuetatik 2.280 behin-behinean beteta egon dira sei urtez. 320 baino ez dira lanpostu berriak. Baina ez da Osakidetzakoa abian den lan eskaintza bakarra: Hezkuntza Sailak ere azterketak egingo ditu asteburuan; 556 lanpostu eskainiko ditu. Ekainaren 15etik 17ra, beraz, jendetza batuko da azterketak egitera. Barakaldon (Bizkaia) egingo dituzte lan eskaintzako azterketak, BECen. 70.000 lagun inguru pasatuko dira bertako aretoetatik. Ostiral arratsaldean hasiko da lanpostuak banatzeko proba, baina larunbaterako espero da jende pilaketa handiena: egunean zehar 60.000 lagun dira joatekoak hautaprobara. Igande goizean bukatuko dira azterketak.
«Oraingoan ere, euskaldunon hizkuntzak eskubideak urratu egingo dira», salatu du Lamarainek: «Kontratazio politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egite eta administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea». Arazoa ez da, bakarrik, lan eskaintza publikoaren barruak euskaraz jakiteak zer indar duen, Lamarainek dioenez: «Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere, Jaurlaritzaren iruzur berri honekin». Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak kargua hartu zutenetik, EHEren esanetan, «herri euskaldunaren aurkako erasoak areagotu eta atzerapauso dezente eman dira».
«Azkarregi» euskalduntzen
Polemika betea eragin zuen Jaurlaritzak lan eskaintza publikoarekin. 2011ko uztailean onartu zuen agindua, 2.600 lanpostu eskaintzeko Osakidetzan. Euskara jakitea «erabakigarria» ez izateko, azterketa eredua aldatuko zuela iragarri zuen Bengoak. «Euskarak inolako garrantzirik ez zuen garaira itzultzea nahi dute zenbaitzuek, eta beste zenbaitzuek garrantzia eman nahi diote, baina neurriz gainekoa»; hitz horiekin arrazoitu zuen aldaketa. Osakidetza «azkarregi» euskalduntzen ari zela ere adierazi zuen neurriaren berri eman zuenean.
Espainiako, Galiziako eta Kataluniako profesionalak erakartzeko asmoa ere ez zuen ezkutatu Jaurlaritzak. «Euskara titulurik ez duten profesionalek aukera hobea izango dute lanpostu bat izateko. Ezin da Europan, osasunean, erreferente izan profesional onez inguratu gabe», zehaztu zuen Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendariak.
Lan eskaintza berrian, azterketarekin lor daitezke ehun puntu, lan esperientziarekin 80, eta euskara ezagutzearekin hemezortzi. Lehen, 70 puntu lor zitezkeen esperientziarekin, eta hamazazpi euskararen ezagutzarekin. Legeak agindutakoa bete duela azaltzen du Jaurlaritzak —euskaraz jakiteak etsaminaren %10 balio behar duela zehazten du araudiak—. Lehen bezala orain, euskaraz jakiteak hautaprobaren guztikoaren %9,1 balio duela esan izan du Jaurlaritzak.
Hainbat alderdi politikoren eta gizarte eragileren salaketak eragin zituen erabaki hark. Aralarrek, EAk eta EAJk legebiltzarrean agertu zuten kontrako iritzia. EHEk, Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere kritikatu zuten aldaketa, eta «atzerapauso onartezintzat» jo zuten.
Justu kontrako erantzunak ere eragin zituen Osasun Sailaren erabakiak. UPDrentzat eta PPrentzat aldaketak ez zuen inolako eraginik izan: «garrantzi handiegia» izaten jarraitzen zuen euskararen ezagutzak. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak salatu zuen erdaldun elebakarren aurkako «diskriminazio linguistikoa» mantenduko zela, aldaketak egin arren. Aldaketak eragiteko ahuldadez jokatzea leporatu zioten PSE-EEri.
Sindikatuen kontrako iritzia ere jaso zuen lan eskaintza publikoak. Ez zuela lanpostu berriak sortzeko balioko salatu zuen LABek. Euskadiko Medikuen Sindikatuak eta Euskadiko Ospitaletako Medikuen Federazioak ere gaitzetsi egin zituzten lan eskaintzan zehaztutako puntu batzuk. Azterketa ebaluatzeko epaimahaian sindikatuek proposatutako inor ez zela egongo nabarmendu zuten, ez elkargo profesionalek proposatutako inor ere. Osakidetzak eskainitako postuen doblea beharko litzateke beharrei erantzuteko, sindikatuen ustez. SATSEk auzitara ere jo zuen, baina auzitegiek arrazoia eman zioten Jaurlaritzari.
Lan eskaintza publikoa administrazioa euskalduntzeko baliatzeko eskatu dute
Jaurlaritzak Hezkuntza eta Osakidetzarako oposizioak egin behar ditu asteburuan; EHEk «iruzurtzat» hartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu