Lana eta familia uztartzeko laguntza berriak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Bi urtetik beherako haurren zaintzaileak kontratatzeko diru laguntzak emango dituzte 2007tik aurrera

2006ko irailaren 27a
00:00
Entzun
II. Familia Plana onartu du Eusko Jaurlaritzak. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak aditzera eman duenez, planak 2.780 miloi euroko inbertsioa du, eta hurrengo bost urteetan garatuko da. «Plan honetan aintzat hartzen da familia eta lana bateragarri egin nahi dituztenek hartzen duten soberako zama», azaldu zuen Azkarragak. Halaber, familia guztiek nahi beste seme-alaba izateko duten eskubidea babestu nahi dutela nabarmendu zuen.

Iragan ekainean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familientzat dekretuaren bitartez onarturiko diru laguntzaz gainera, bestelako berritasunak jasotzen ditu II. Familia Planak. Hala, adopzio aurreko harrera kasuetan eskatu ahal izango dira seme-alabengatik diru laguntzak.

Bestela, umeengatik ematen den diru laguntzaren atalean, planak orain arteko funtzionamenduari eutsiko dio. Alegia, diru laguntzak eskatu ahal izango dira lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta hurrengo umeengatik. Errentaren aitorpenaren arabera banatuko da diru laguntza.Azkarragak azaldu zuenez, 2005. urtean20 miloi euro banatu zituzten seme-alabak dituzten familien artean. Hurrengo bost urteetan, berriz, urtero batez beste 32 miloi euro banatuko dituztela aurreikusi dute.

LANA ETA FAMILIA. Bestetik, lana eta familia bateragarriak egiteko bestelako laguntza unibertsalak ematen ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzen duten langileek gehienez hiru urtetan jaso dezakete diru laguntza. Horrez gain, sei urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketa hartzen duten langileek diru laguntza jasotzen dute.

Orain arte ez bezala, langile autonomoek aukera izango dute 2007. urtetik aurrera diru laguntza horiek eskuratzeko.

Bestetik, bi urte arteko umeen zaintzaileak kontratatzeko diru-laguntzak banatuko ditu datorren urtetik aurrera Eusko Jaurlaritzak. Errenta aitorpenaren arabera emango dira laguntza horiek, eta kontrataturiko lagunaren gizarte segurantza ordaintzeko erabiliko dira.

Halaber, mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko programa abian jartzeko konpromisoa jasotzen du II. Familia Planak. Azkarragak azaldu zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera horretan dauden 10.000 familia inguruk eskatu ahal izango dute.

Lana eta familia bateragarri egiteko neurriei aurre egiteko iazko aurrekontua bikoiztu egin behar izan du Eusko Jaurlaritzak. «Ahalegin handia egingo dugu; izan ere 2005. urtean ia 20 milioi euroko gastua egitetik 44 milioira igaroko gara», esan zuen Azkarragak

############

3.700 diru laguntza atzeratuko dira

e.u.

Gasteiz

Seme-alabak zaintzeko lanaldiaren murrizketa hartu duten 3.700 lagunek atzerapenez jasoko dituzte Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak. Hala aitortu zuen atzo Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak.

Eskaera kopuruak aurreikuspenak gainditu dituela azaldu zuen Azkarragak, eta, ondorioz, guztiak bideratzeko kredituaren luzapena tramitatu behar izan du sailak. Azkarragaren arabera, 7.600 espediente kudeatu behar izan ditu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak aurten, eta horietatik3.700 ebazteke daude. «Iazko datuak kontuan hartuta, aurten lanaldi murrizketa hartuko zuten herritarren eskaerak %33 igoko zirela aurreikusi genuen, baina askoz eskaera gehiago jaso ditugu».

Nolanahi ere, sailburuak nabarmendu zuenez, diru laguntza horiek bi hilabeteko epean jaso ohi dira, baina dekretuak sei hilabeteko epea zehazten du diru laguntza jasotzeko. «Dena den, uste dut kasu honetan sei hilabeteko epea ere gaindituko dugula», esan zuen Azkarragak.

############

«Ahalegin handia egingo dugu; izan ere, iazko aurrekontua bikoiztu behar izan du Eusko Jaurlaritzak»

«Aintzat hartzen da familia eta lana bateragarri egin nahi dituztenek hartzen duten soberako zama»

joseba azkarragajustizia,lan eta gizarte segurantza sailburua
############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.