Heldu den ikasturterako Lanbide Heziketako eskaintza aurkeztu du Hezkuntza Departamentuak. Hamabost ziklo berri eskainiko dituzte Oinarrizko, Erdi eta Goi mailetan. "Gainera, euskarazko formakuntza indartuko dugu, Iruñean, Altsasun eta Irunberrin lau ziklo berri ezarrita", azaldu dute Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta Lanbide Heziketako Zerbitzuko zuzendari Esther Monterrubiok. Guztira, LHko 114 ziklo eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak 2018/2019 ikasturtean.
Hazkunderik handiena Erdi eta Goi mailako Lanbide Heziketari dagokie: %6 Erdi mailan eta %9,4 Goi mailan, 310 ikaspostu gehiago eskainiko baitituzte. Eta perspektiba handituta, hazkundea are nabarmenagoa da: %15,3ko igoera, 2016/2017 ikasturtetik.
Eskaintza horrekin batera aipatu dituzte FP Duala (goi teknikari izateko bost ziklo berri), on-line formakuntza (bi ziklo berri) eta Oinarrizko Lanbide Heziketa (bi ziklo). Monterrubioren esanetan, eskaintza zabaltzearekin batera, "baliabide materialak eta profesionalak ere" handituko ditu Hezkuntza Departamentuak.
Izena emateko epea zabalik egonen da maiatzaren 7tik 11ra bitartean.