Donostiako Udalak Landarbason dagoen Igoin Azpiko lur eremua proposatu du Gipuzkoako bigarren errauste planta egiteko (bestea Txingudin egingo da), udal batzarrak Aritzetako kokalekua bertan behera uztea erabaki ondotik. Odon Elorza Donostiako alkateak gaur Udaleko bozeramaileen batzordean aurkeztuko duen adierazpen instituzionalean kokaleku hori proposatuko du, eta, ekainaren 20ko udalbatzan bozkatzea nahi du. «Hor bukatzen da Udal Gobernuaren lana. Presiopean eta xantaia erabiliz kokaleku bat proposatzeko agindu zitzaigun, eta eskatu zaiguna egin dugu. Orain erraustearen alde dauden alderdiei dagokie euren iritzia ematea», azaldu dio Denis Itxaso Ingurumen zinegotziak BERRIAri.
Errauste planta non jarri erabakitzeko, Donostiako Plan Orokorraren Bulegoak azterketa egin du Udalaren aginduz, eta hiru leku proposatu ditu: bat Zubietan (Atxulondo-Abalotz eremua) eta beste bi Landarbason (Larratz eta Igoin-Azpi). Kokaleku horiek berriak dira, izan ere, leku horiek ez ziren azaldu Diputazioak errauste planta non jarri erabakitzeko eginiko Gipuzkoa osoko azterketan.
Denis Itxasok azaldu duenez, kokalekua zehazteko orduan, bi irizpide hartu dituzte kontuan: alde batetik, Donostiako lur eremuaren barruan egotea, eta, bestea, herri guneetatik 2.000 metrora egotea. Hiru proposamenen artean udal teknikariek Igoin-Azpiren alde egin dute, eta horixe izango da Udalak ekainaren 20ko plenoan aurkeztuko duena. Denis Itxasok garbi utzi nahi izan du Udal Gobernua erraustearen aurka dagoela, eta, eurentzat ez dagoela kokaleku egokirik: «Aukera txarren artean, ez da hain aukera txarra». Igoin Azpi Donostiako erdigunetik urrun dago, eta Errenteria, Oiartzun, Astigarraga eta Hernani ditu mugakide. Handik pasako da Donostiako bigarren ingurabidea. Lursailak jabetza pribatukoak dira.
Baga Boga plataformak gogor salatu du Udalaren jarrera. Kokalekuak Hiriko Plan Orokorrak paisaia eta ekologia babesteko gunetzat dauzkala ohartarazi du.
KOKALEKUEKIN IKA-MIKAN. Errauste plantaren kokalekuaren auziak, soka luzea ekarri du, batez ere, iazko ekainaren 28an Donostiako udal batzarrak urtebete lehenago Diputazioak eta mankomunitateek erabakitako Aritzetako aukera bazterrean utzi zuenetik. Pleno hartan udal batzarrak, nahiz eta Aritzetako kokalekua ez onartu, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren alde egin zuen. Ondorioz, Aritzetako aukera baztertzean, Donostian errauste planta non jar zitekeen aztertzeko eskatu zion Udalari. Diputazioa eta mankomunitateak ere Aritzetako kokalekua baztertzeko prest agertu ziren, baina baldintza batekin: errauste planta Donostian egitea. Harrezkero, lekuarekin ika-mikan aritu dira guztiak.
Egoera, baina, are gehiago aldrebestu eta gaiztotu zen San Markos mankomunitateak zabortegia aurten itxiko zuela iragarri zuenean. Errauste planta abian jarri bitartean, San Markoseko zaborrak beste zabortegietara bideratzeko aukerak aztertu zituzten. Donostiako Udalak errauste planta egiteko kokalekurik proposatzen ez zuela ikusita, apirilean Sasieta, Urola Kosta eta Urola Erdiko mankomunitateek Elorzari ohartarazi zioten San Markos zabortegia itxi eta gero, ez zituztela Donostiako zaborrak euren zabortegietan kudeatuko, errauste planta non egingo den zehaztu ez duelako. Hala, Denis Itxasoren esanetan, «euren burua behartuta» ikusi dute proposamena egitera, «mankomunitateek xantaia bete dezaketelako».
EAJ, BAIKOR. Xabier Ezeizabarrena Donostiako EAJko zinegotziak «oraingoz iritzi baikorra» dutela azaldu zuen. Dena den, oraingoz Udalak proposatutako kokalekua onartzen ote duten esateko goizegi dela dio. «Orain arte denbora galtzen aritu dira, eta orain iritsi zaigu proposamena. Aztertzen ari gara». Errauste planta non jarri guztien artean erabaki behar dela uste du. «Pilota guztien teilatuan dago, hau ez da tenis partida. Donostiako udal taldeez gainera, mankomunitateek ere erabaki beharko dute». Duñike Agirrezabalaga EBko zinegotziak, ordea, bestelako iritzia du: «EAJ, EA eta PPko xantaiagileek erabaki dezatela orain non inposatu nahi diguten errauste planta».
Landarbasoko eremua proposatu du Donostiako Udalak errauste planta egiteko
Baga Bogaren esanetan, Donostiako Plan Orokorrak paisaia eta ekologia babesteko gunetzat dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu