atxiloketak

Lander Fernandez Arrinda preso ohia atxilotu dute Erroman

Atzo haren aurkako Europako atxilotze agindua eman zuten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko kide izatea leporatzen dio. Barne ministroak dio datozen asteetan Europako beste herrialde batzuetan atxiloketa gehiago gerta daitezkeela.

2012ko ekainaren 13a
21:13
Entzun

Italiako Poliziak Lander Fernandez Arrinda euskal preso ohia atxilotu du Erroman, Espainiako Poliziarekin elkarlanean egindako operazioan. Atzo haren kontrako Europako atxilotze agindua eman zuten.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko kide izatea eta kalteak eragitea leporatzen dio, eta haren aurkako euroagindua emana zuen. Fernandez Arrinda atxilotze zentro batean sartu dute eta 48 orduz han egongo dela esan diote. Haren aurkako euroaginduaren berririk ez dutela esan diote atxilotuari, eta atxilo hartzeko arrazoi zehatzik ere ez dakitela.

Italiako diputatu batek atxilotuarekin egoteko aukera izan du, diputatuek atxilotze zentroetan sartzeko baimena dute eta. Kanpoan, berriz, hainbat lagun elkartu dira eta Lander Fernandez aske uzteko exiijitu dute.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak gaur esan du datozen asteetan Europako beste herrialde batzuetan atxiloketa gehiago gerta daitezkeela. ETAri baldintzarik gabe desegiteko exijitu dio.

Gaur El Mundo-k argitaratu du ETAko zuzendaritzako bi ordezkari Oslon izan direla, Mariano Raxoiren gobernuaren erantzun baten zain. Kazetaren arabera, ez zuten erantzunik jaso.

Gorenak absolbitu egin zuen Fernandez Arrinda

Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion 2010eko urrian, Askatasuna erakundearen alde zozketak saldu nahian "ETA laguntzea" egotzita. Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen ondoren, nahikoa froga ez zegoela iritzita.

Bilbokoa da Fernandez, Santutxu auzokoa (1980). 2003an ere atzeman zuten, Frantzian, ETArekin lotura zuelakoan.

Italiako Poliziak 2010ean Segiko kide Fermin Martinez Lakuntza, Artzai Santesteban Arizkuren eta Zuriñe Gogenola Goitia atzeman zituen Erroman bertan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.