ezbeharra

Landetan auto istripuz hil diren hiru mendizaleen gorpuak ekartzeko lanetan dira familiak

Larunbat gauean hil ziren Andoni Areizaga, Joxi Hernandez eta Iñaki Cuellar, auto istripu batean. Txiletik bueltan zetozen, hilabeteko trabesia bat egin ostean. Dolua agertu du Vasco de Campingek.

Areizaga, Osornon, Txilen. IBILKARI
2013ko urriaren 7a
18:33
Entzun

Albiste beltza etorri da asteburuan euskal mendizaleentzat. Oraingoan, ordea, ez da iritsi menditik, errepideetatik baizik. Larunbatean, Landetan, Andoni Areizaga, Joxi Hernandez eta Iñaki Cuellar mendizaleak hil ziren, gauean, auto istripu batean. A-63 autobidean gertatu zen ezbeharra, Labenne herrian. Vasco de Campingek jakinarazi duenez, mendizaleak zeramatzan furgonetak kamioi bat jo zuen. Laugarren hildakoa furgonetako gidari eta espedizio laguna da, Bernard Doumerq. Gorpuak Baionan daude, eta senideak han, tramiteak amaitzeko zain, nor bere herrira eramateko.

Hirurak ere Vasco de Camping klubeko mendizaleak ziren, eta eski espedizio batetik zetozen bueltan. Txilen izan ziren hilabetez, eta Parisera iritsi ondoren zetotzen Euskal Herrira. Istripuan beste pertsona bat ere hil zen. Vaco de Campingek ere dolumina agertu du bere webgunean. "Hitzik gabe uzten gaituzte horrelakoek. Ez da hitz egiteko momentua, ez, senide eta lagunei gure maitasun eta laguntza osoa eskaintzekoa baizik. Hutsune itzela utziko dute gure barnean joan diren lau lagun hauek".

Areizaga Donostiako suhiltzailea zen, eta gaur Garberako suhiltzaileen egoitzan xingola beltza jarri dute dolua adierazteko. Lankideek gogoan izan dute Areizaga, "lankide eta laguna". Ostiralean zen lanera itzultzekoa, "berari gehien gustatzen zitzaiona egin ondoren". Esperientzia handiko kirolaria zen, eta Altitoy eski lasterketa ospetsuaren arduraduna zen. Ibilkari BERRIAren mendiko kanalean ere parte hartu zuen. Joxi Hernandez Donostiakoa zen, eta Eibarko Armeria Eskolako irakaslea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.