Lanean esperientzia dutenei Lanbide Heziketako tituluak aitortzeko bideari ekin diote

Zelaak nabarmendu du gero eta gehiagok jotzen dutela LHra; Internetez ikastea eta mantsoago aritzea erraztuko dute

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Lanean denbora eman dutenei ikasi dutena aitortzeko bidea hasi du Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak jakinarazi du batzorde bat sortuko dutela pertsonen lan gaitasunak ebaluatzeko eta dagokienei Lanbide Heziketako tituluak emateko. 2.920 laguni eman nahi diete horretarako aukera aurten. Hala, zein balorazio egiten dieten, titulua eskuratuko dute, edo haren zati bat; eskolara joanda lortu ahal izango dute horiek titulua.

Lanbide Heziketa indartzeko plana jarria du martxan Hezkuntza Sailak, eta haren xedeetako bat da bere garaian ikasketak utzi, lanean aritu eta orain langabe daudenei tituluak lortzeko aukera jartzea. Lanean esperientzia handia lortu dutenei egindakoaren balioa aitortu nahi diete LHko tituluak lortzeko bidea erraztuta. «Heziketarako sarbidea erraztea eta jendea hara erakartzea da helburua, eta, era horretara, herritarren kualifikazioa hobetzea eta enplegua lortzeko bidea erraztea», dio Zelaak.

Hiru alorretan aritutakoei erreparatu diete: ostalaritzakoei —sukaldariak eta zerbitzariak—, osasun alorrekoei —anbulantzia gidariak, gizarte eta osasun laguntzaileak— eta eraikuntzakoei—igeltseroak—. Titulua edo ziurtagiri bat lortu ahalko dute.

Lanbide Heziketan hasteko erraztasunak jarri nahi dizkiete lanean ari direnei edo beste betebeharren bat dutenei ere, alegia, eskolara joan ezin dutenei. Interneten bidezko irakaskuntza eta aurrez aurrekoa uztartuko dituzte, hezkuntzako beste hainbat alorretan egiten ari direnez —unibertsitatean, gero eta gehiago ari dira horrelakoak sustatzen—. 1.400 bat pertsonak egin dute aurrematrikula horrela ikasteko. Sei zikloko eskaintza osatu dute, LHko ikastetxe publiko eta itunpeko hainbatekin elkarlanean; aurrez aurreko praktikak eta azterketak eskola horietan egingo dituzte Internet bidez ari direnek.

Ingelesa zabaldu nahi dute

Eskolara maiz-maiz joan ezin dutenentzako beste aukera da irakasgai guztiak kolpetik ez egitea, matrikula partziala egitea. Lanean ari diren pertsonek gehiago ikastea nahi du horrela Zelaak: «Heziketa zenbat eta handiagoa, orduan eta aukera gehiago izaten dira. LHren bidez herritarrei itxaropen leiho bat ireki nahi diegu». Bi urtean modu partzialean ikasten ari direnen kopurua bikoiztu egin dela nabarmendu du sailburuak: 1.428 ziren 2008-09ko ikasturtean, eta 2.603, 2010-11koan.

Herritarrek LH gero eta gehiago babesten dutelakoan dago Hezkuntza Saila: «Lanbide Heziketa bigarren mailakoa dela dioen ideia erabat gaindituta dago jada. Enplegua aurkitzeko bidea errazten baitu, unibertsitateak adina edo gehiago, eta unibertsitaterako sarbidea baita». Babes horren erakusgarri, datuak eman ditu Zelaak: amaitu berri den ikasturtean, 36.577 ikasle aritu dira LHn Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —gehienak, 29.537, ohiko eskoletan, aurreko ikasturtean baino 3.904 gehiago—; zenbaki arrakastatsuagoak espero dituzte irailerako: 40.576 estudiante izatea aurreikusi dute, aurrematrikulazioko datuak aintzat hartuta.

Hautu egokia da, Zelaaren iritzian: 2007an, 2008an eta 2009an LHko ikasketak amaitu zituztenen artean, %73k lana aurkitu zuten bederatzi hilabete baino lehen. Praktiken garrantzia nabarmendu du sailburuak: amaitutako ikasturtean, 12.838 estudiante aritu dira enpresetan; hamarretik bat, 1.245, atzerrikoetan.

Ikasleei kanporako bidea errazteko, LHn ingelesa indartzea jarri du erronka Zelaak. Datorren urtean eredu eleaniztuna jarriko dute martxan Arabako ikastetxe batean, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako launatan. Gainera, ikastetxe guztietan borondatezko ingeles eskolak eskainiko dituzte aurrerantzean bigarren mailako ikasleentzat. Hizkuntzen auzia bereziki da gorabeheratsua LHn. Hezkuntza sistema osoan gertatzen denaz beste, A eredua, gaztelania hutsezkoa, da nagusi, alde handiz. D ereduko eskaintza eskasagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.