Langabeziaren azken datuen inguruan «kezkatuta» agertu da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea. Egungo egoera ekonomikoa «oso larria» dela uste du, eta Eusko Jaurlaritza hein handi batean egoeraren erantzule izan dela salatu du.
EAJko kargudun publikoekin elkartu zen atzo Urkullu Bilbon, eta lanpostuak sortzeko «premiazko neurriak» hartzea beharrezkoa dela erabaki dute. Otsaileko datuekin erkatuta, %4,19 hazi zen EAEko langabezia martxoan. 6.095 pertsona gehiago geratu ziren beharrik gabe, eta guztira 151.551 langabe daude.
Datuak aztertu ondoren, ekonomiak «hondoa jo» duela ondorioztatu du EAJko buruak. Baina, haren ustez, lana sortzeko neurriak har daitezke oraindik. Helburu horretan Eusko Jaurlaritzari eta EAEko beste erakundeei bidaliko dizkieten proposamenak biltzen ari direla azaldu du Urkulluk.
Orain dela bi hilabete EAJk Eusko Jaurlaritzari lana sortzeko plan bat egitea eskatu ziola gogorarazi du Urkulluk, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Hala, foru aldundiekin, EAJk agintzen duen udalekin eta Eudelekin Jaurlaritzak duen «koordinazio falta» gaitzetsi du. Dena den, alderdien arteko gatazka politikoak ahaztu, eta «neurriak hartzeko» ordua dela nabarmendu du.
Pastor, «EAJren ustelkeriaz»
Jose Antonio Pastor Bizkaiko ahaldun nagusi izateko PSE-EEko hautagaiak EAJko hainbat politikari zipriztindu dituen ustezko ustelkeria kasuak izan zituen hizpide atzo Bilbon eginiko prentsaurrekoan. Pastorren aburuz, Zanbrana auzia «izozmendiaren erpina» besterik ez da, eta Euskal Autonomia Erkidego guztian zabalduta egon daitezkeen usteltze gertaera «konplexuak» gorde ditzake atzean. Iñaki San Juan Leioako EAJren zinegotzi ohia markatu du Pastorrek gertakari horietako «pertsonaia gako» moduan. San Juan Errexal enpresako administratzaile izateagatik inputatua dago.
Zanbrana auziaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Arabako Biltzar Nagusiei informazioa eman nahi ez izana «zerbait gordetzen ari diren» seinale dela nabarmendu du Pastorrek. Horregatik, Bizkaiko foru hauteskundeak PSE-EEk irabazten baditu kontu ikuskatzeak egingo dituztela aurreratu du.
EAJ agintean dagoen Bizkaiko hainbat udalerritan egin diren hirigintza operazio batzuk ustelkeria kasuak izan daitezkeela adierazi du PSE-EEko hautagaiak. «Zerrenda luze hori da EAJren aurpegia».
Langabeziaren «egoera larria» aldatzeko eskatu du Urkulluk
'Zanbrana auzia' «EAJren ustelkeria kasuen izozmendiaren erpina» besterik ez dela salatu du Pastorrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu