Langileek Iñaki Pregori egotzi diote lan harremanak «apurtuta» egotea

Metroko kontseilari ordezkariaren dimisioa eskatu dute, sindikatuekiko jarrera «tamalgarria» delakoan

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilboko Metroko lan gatazkak hamabost hilabete bete dituenean, haren oinarriari eta garapenari buruzko hausnarketa egin dute langile batzordea osatzen duten sindikatuek. CCOO ez beste guztiek (ELA, LAB, CIM, ESK eta UGT) sinatutako idatzian, Iñaki Prego Metroko kontseilari ordezkariari egotzi diote lan harremanak «guztiz apurtuta» egotearen ardura, batzordearekin eta sindikatuekin jarrera «tamalgarria» izan duelakoan. Haren dimisioa eskatu dute berriro.

«Pregoren lan gaitasuna epaitzera sartu gabe», sindikatuek azaldu dute kontseilari ordezkariak ez daukala «ontzi handi hau gidatzeko langileen konfiantza eta babesa». Besteak beste, akordioak urratzea, sindikatuen lana ez errespetatzea, eta lan harremanak gutxiestea leporatu diote zuzendaritzari. «Ontzia gidatu nahi du gainerako 730 marinelen eskarmentua eta iritziak kontuan hartu barik». Gatazka gehiago luza daitekeela ohartarazi dute.

Txema Oleaga Metroko presidentea, baina, ez da bat etorri iritzi horrekin: «Nik uste dut sindikatuak tematuta daudela enpresak jarrera itxia duelako irudia saldu nahian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.