Beharra bezalakorik ez dela ikasteko, baina beharrik, lanik ez aurkitzea ari da akuilu izaten jendea ikastera bultzatzeko. Derrigorrezko eskolaldiaren ondorengo etapetan igoera nabaria izan da azken urteetan. Hegoaldean, adibidez, lau urtean 6.400 ikasle irabazi dituzte Batxilergoak eta Lanbide Heziketak; hizkuntz eskolek gehiago, 6.000. Adierazgarria da DBH egin eta gero eskola uzten dutenen kopurua ere: azken hamarkadako txikiena da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasleen %12,6 dira; Nafarroan, %16,8. Jaitsi da, baina oraindik ere urrun dago Europako Batasunaren xedea: gehienez %10 izatea.
Krisiaren ondorio zuzena da. «Eskola utzi, eta bi mila eurotik gora irabazten hasten zen jende asko. Hori bukatu da, eta orain ezer gabe daude. Berreskuratu beharreko jendea da», dio Jose Luis Elorzak. Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria da Eusko Jaurlaritzan. Horretan ari dira lanean: «Esperientzia aitortzeko sistema jarri dugu: lanean aritu denari ziurtagiria emateko». Haren arabera, 5.000 bat langilek lortu dute gisa horretako ziurtagiriren bat.
Ikastetxeetan ari dira jasaten joeraren eragina. «2007tik nabari dugu saltoa. Ordura arte ere ari zen igotzen, baina ez hainbeste. Gure ikastetxean, 2007tik ia hirukoiztu egin da ikasleen kopurua». Fernando Carbajok, Iruñeko Felix Urabaien institutuko zuzendariak, eman du egoeraren berri. Helduentzako DBH eta Batxilergoa ematen dituzte. «Helduentzat da, baina ez uste 40 urtetik gorakoak direnik denak. Batez besteko adina 25 urtekoa da». Lan arrazoiengatik jotzen dute ikasleek institutura, Carbajoren arabera. Areago, krisi garaiotan. «Langabezian geratu direnak eta lehen lanpostua lortu ez dutenak dauzkagu, eta orain arte lan prekarioetan aritu eta tituluak eskatu dizkietenak ere bai. Gutxienekoa baita DBHko titulua». Kopuruak eman ditu: hamarretik seik lanerako titulua behar dutelako jotzen dute Helduen Heziketara; lauk, Lanbide Heziketan hasteko.
Gorakada handia izan du LHk azken urteetan. Ikasleak gehitu dira; eskola utzia zutenak dira haietako asko, gainera. LHra sartzeko probak dira horren erakusgarri. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru urtean ia bikoiztu egin da azterketa egin dutenen kopurua: 2009an 4.392k egin zuten, eta aurten, 8.026k. «Nabarmen ari gara sumatzen birziklatu nahi duela jendeak, aukerak zabaltzeko», esan du Elorzak. Aukerak jartzen ari direla dio. LH Interneten bidez egiteko sistema jarri dute abian aurtengo ikasturtean.
Unibertsitatean ere gehiago dira ikasketak utzi eta aldi batera berriro hasi direnak. Ikasleen kopuru osoa hartuta, jaitsiera txiki bat izan da matrikulazioan; ordea, 30 urtez goitikoak gehiago dira, lau urtean ia 500. Masterretan ere gehiago ari dira: EHU Euskal Herriko Unibertsitatean geratu egin da urte luzeetako beherakada. 2007an 563 ikasle ziren graduondoan; bi urteren buruan, 769.
Helduen heziketan, aitzindari da UNED, Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatea. Aurten matrikula %10 inguru handitzea espero dute Gasteizko zentroan; 1.300 bat ikasle izango dituzte. Hala jakinarazi du Txomin de Etxeberria idazkariak. Krisia bai, baina Bolognako prozesua ere ikusi du atzean: «Bost urteko karrerak izan beharrean, laukoak ditugu orain, eta jendea erakarri du horrek. Ez da izugarria izan, baina eragin du. Lau urtean titulua lortzea aukeratzat jo dute».
Termometroa, goizean
Inon izatekotan, hala ere, hizkuntz eskoletan nabari da matrikulen hazkundea. Hegoaldekoek lau urtean 6.000 ikasle irabazi dituzte, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera: 2007an 30.792 ziren, eta iaz, 36.991.
Euskal Herrian ez da berria hizkuntzak ikasteko joera. «Gipuzkoan badago tradizioa, batez ere Donostian», nabarmendu du Jose Luis Argomanizek. Donostiako Hizkuntz Eskola Ofizialeko zuzendaria da. Krisiaren eragina matrikulen kopuruan igartzea ezinezko zaiela adierazi du, gainezka daudelako aspaldian: «Eskari izugarria daukagu. Kontuan izan ia dohainik dela matrikula».
Aldaketa bat sumatu dute azken urteotan, hala ere: «Orain hiru urte nabaritu genuen eskari gehiago egiten hasi zirela goizeko txandarako. Normalean, jendea iluntzean etortzen da, edo arratsaldean. Goizean lehen izaten ziren lekuren batzuk hutsik, baina orain, batere ez». Langabeziak izan du eragina, haren iritzian: «Lehen, jubilatuak, eskolak arratsaldean zituztenak eta langabe gutxi batzuk etortzen ziren goizean; azkenaldian, berriz, denetik». Onartu du hori Carbajok ere, baina ohartarazi du lan mundua bera ari dela aldatzen: «Gurean goizekoa bete izan da lehenago; nahiago du jendeak. Nafarroan langile askok txandaka egiten dute lan, guztiak ez dira goizean aritzen».
Eta euskaltegietan, zer ari da gertatzen? Ikasleak galtzen ari dira. HABErenetan, urtebetean bi mila ikasle gutxiago dauzkate: 39.373 ziren 2009an, eta iaz, 37.373. AEKrenetan, mila: 2009an 13.138, eta iaz, 12.290. Aurtengorako ere jaitsiera iragarri dute; AEK-k %5 ingurukoa espero du. Eusko Jaurlaritzak dio euskalduntzeak izan duela eragina, eta eskolatik ikasleak euskaldun ateratzen direla nabarmendu du. AEK-k krisiari eta Jaurlaritzaren politikari egotzi die jaitsiera. Euskaltegietarako laguntzak jaitsi direlako, prezioa igo dute, eta, gainera, ikasleek laguntza txikiagoa izan dute.
Hizkuntzak ikasteko aukera zabala dela gogoratu du Argomanizek. Rankingean bigarren jarri du euskara; ingelesa da buru, eta gero, frantsesa eta alemana. «Gaztelaniako eskaria ere ari da hazten. Ez ikasi gabeko etorkinena, goi ikasketak dituztenena baizik».
Gogorra egiten ote zaien ikasleei, ez daude ados. Argomanizek eta De Etxeberriak diote ezetz, nahi dutelako joaten direla ikasleak hizkuntz eskolara eta unibertsitatera. Carbajok ez du argi; DBHko titulua lortzera jotzen baitute haren eskolara. «Horiek presa handiagoa izaten dute titulua lortzeko, gaur egun nahitaezkoa baita gutxieneko kualifikazioa daukan lan bat izateko».
Adinak zerikusia duela uste du: «Helduenei eta gazteenei kostatzen zaie». Denak bat datoz adin jakinik ez dela, UNEDekoa salbu: 25 bat urte ingurukoak izan ohi dituzte ikaslerik gehienak.
Denetako jendea dago, nahiz aldaketak izaten ari diren. Langabeak ugaritzen ari dira, eta beste batzuk, joaten. Argomaniz: «Ez dakigu zergatik, baina etxekoandreak desagertu dira. Gazteak daude goizean; lehen 30 urtetik gorakoak izaten ziren, eta orain, 20 ingurukoak. Karrera amaitu dutenak edo bukatzear dutenak, eta beste egitekorik aurkitu ez dutenak». Lanean ari direnak ere badira UNEDen. Bolognako prozesuarekin posible da biak uztartzea? Baietz dio De Etxeberriak: «Lan pertsonala eskatzen du».
«Beste eskema bat»
Krisi garaian ehunka langabek egindako apustua ona dela nabarmendu dute eskoletako ordezkariek. Argomaniz: «Heztera jo dute. Ulertzekoa da, baina deigarria: aisiarako dirua kentzen du jendeak, ez heziketarakoa. Ondo dago». Hori dio De Etxeberriak: «Ez da lehengo egoera, baina ikasita aukera hobeak izaten dira».
Izena eman bai, baina gorabeherak ere izaten dira. Argomanizek aitortu du astia betetzeko joaten direla batzuk: «Hizkuntzak ikasteko lan handia egin behar da, eta batzuek ez dute ezer egiten». Areago, badira izena eman eta eskolara joaten ez direnak. Carbajok dio gutxitzen ari direla horrelakoak, eta benetan ikastera joan direnak direla gehienak.
Ikastera jo dute, lanik ez eta. Eta gauzak hobetzean? Elorzak aitortu du badela arriskua lehenera itzultzeko, jendeak ikasteari uzteko. Gogoetara dei egin du: «Eskema aldatu behar da. Ikastea bizitza osokoa da, eta sistemak lagungarri izan beharra dauka».
Hezkuntza. Krisiaren eragina
Lanik ezean, eskola
Langabeziak eraginda, gero eta gehiagok erabakitzen dute ikasketei berriro ekitea. Aspaldiko txikiena da eskola uztea: lanik ez baitago, ikasten segitzen dute gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu