Astelehen goizean, inauterietako irudiak grabatzen ari zela, eraso egin zioten ETBko kamerari bati, Lantzen (Nafarroa). Kamerariak berak ohar bat argitaratu du erasoaren berri emateko.
Azaldu du hiru gizonek eraso ziotela. “Horietako batek atzetik heldu zidan, eta behin eta berriz igurtzi, lanean ari nintzela. Bigarrenak, makila bat sartu zidan hanka tartean, eta mugimendu bertikalak egin zituen. Eta hirugarrenak, bultza egin ninduen ia oreka galtzeraino, eta besoetatik helduta astindu ninduen”.
Erasoa onartezina dela nabarmendu du ETBko kamerariak: “Horrelakoak ezin dira onartu festak, inauteriak edo ekitaldi publikoak izanda ere. Ezin dira onartu. Inoiz ez”. Eraso sexistak izan zirela azaldu du: “Nirearen gisako egoeretan ez zen egon lankide gizonezkorik”.
Jasotako babesa eskertu du, eta jakinarazi du Lantzeko alkateak hots egin diola goizean, elkartasuna agertzeko.