Lapurdiko AHT abiadura handiko tren bide berria bertan behera uzteko eskatu diote Paul Baudry, Roland Hirigoien eta Mixel Hiriart Errobi Errobi-Aturri eta Lapurdi Hegoaldeko herri elkargoetako presidenteek Frantziako Gobernuari. Citec etxeko adituek egin berri duten ikerketan oinarritu dute eskaria. Herri elkargoetako presidenteen erabakia sostengatzeko, haiekin bat egin zuten, bertzeak bertze, Alain Iriart kontseilari nagusiak, Christine Bessonart Senpereko auzapezak, Odile del Coral Urruñako auzapezak eta Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak.
Espainiako eta Frantziako adituek egindako txostenak ikertu ditu Citec etxeak, txosten horien arteko osagarritasuna eta kontraesanak bilatuz. Bi helburu nagusi zituen adituen ikerketak: batetik, trenbide sarearen saturazio heina finkatzea; bertze alde batetik, aztertzea alderik ba ote den Lapurdin AHT bide berria eginez, eta gaurko bideak egokituz. Ikerketaren arabera, Euskal Y-a eginen balitz eta Espainiako trenbideen zabalera Europako arauetara egokituko balitz, Lapurdin bide berria egin gabe, 40 minutu beharko lirateke Baiona-Donostia lotura egiteko. Lapurdiko AHT bide berria eginez, 38 minutu. Bi minutu aurreratuko lirateke.
Nazioarteko loturei dagokienez, Lapurdiko bide berria egin gabe zazpi oren eta hogei minutu beharko lirateke Paris-Madril lotura egiteko. Bordele-Baiona lotura egiteko, bi oren eta 26 minutu. Lapurdiko bide berria eginez, sei oren eta 48 minutu beharko lirateke Paristik Madrilera, eta bi oren eta hamabi minutu Bordeletik Bilbora joateko. Bi kasuetan, hamalau minutu baino ez lirateke irabaziko.
«Balio ote du milaka milioi euro xahutzeak Paris eta Madril artean hamalau minutu irabazteko?», galdetu du Hirigoienek. Lapurdiko hautetsiek erran dute ez duela zentzurik.
Trenbideen saturazioari dagokionez, horretarako arriskurik ez dagoela dio Citec etxeak. Euskal Y-a eginez eta Espainiako trenbideen zabalera Europako arauetara egokituz, gehienik salgaien 124 tren har litzake Gipuzkoako sareak. Frantziako CGEDD batzordearen arabera, Lapurdiko egungo bideak gai dira 250 tren hartzeko. «RFFren usterik baikorrenetan 120 bidaiari tren aipatzen dira; beraz, Espainiak har lezakeena baino kopuru handiagoa du gaurko trenbideak», erran du Hiriartek. Trenen arteko epeak egokituz eta Citec etxeak egindako hobekuntzak barneratuz 320 tren pasa daitezkeela zehaztu du.
«Egunero Lapurdin geldituko ez diren hamar tren pasatzeko, milaka milioi balio duen trenbide bat egin nahi dute», adierazi du Hiriartek. Xede hori bultzatu aitzin AHTaren errentagarritasunari buruzko inkestarik ez egitea deitoratu du.
Alain Iriart kontseilari nagusiak abenduaren 15ean Frantzian burutu den tren egitasmoari buruzko mintegia ekarri du gogora. Mintegiaren ondoren, bi ondorio nagusi aipatu zituen Nathalie Kosciusko-Morizet Frantziako Garraio eta Ingurumen ministroak. Batetik, Frantziak ez duela aski diru gaurko bideen hobekuntza eta AHT xede berriak bultzatzeko; bigarrenik, Frantziak ez duela AHT xede berririk bultzatuko, haien beharra eta egingarritasuna frogatu arte.
Nahiz eta bi egunen buruan ministroak gibelera egin adierazpenetan, tren sarearen mintegian saturazioari buruzko galderarik ez zela egon nabarmendu du Iriartek. Azaldu du bertan egon zirela RFF eta SNCFko buruak eta mintegi osoan ez ziotela aipamen bakar bat ere egin xedearen oinarrian dagoen balizko saturazioari. «Mintegian RFFk eta SNCFk ez dute saturazio arriskurik aipatu, arrisku hori ez delako existitzen».
Topoak Hendaian gelditu ordez Baionara arte segituko balu ere saturazio arriskurik ez legokeela azaldu dute hautetsiek,RFFren iragarpena gezurtatuz.
Astelehenean Bordelera
Heldu den astelehenean AHTaren protesta Bordelera eramateko xedea dute hautetsiek. Izan ere, arratsaldean bilduko dira bertan AHTaren Gidaritza Batzordeko kideak. Haien xedea salatzeko, Ipar Euskal Herriko 80 hautetsi bildu nahi dituzte, atzoko agerraldian Hirigoienek azaldu zuenez: «Ministroaren hitzek sortu duten nahasketaren erdian, prefeta ez da ausartuko xedearen aurka egitera; AHTaren balizko ibilbidea 500 metroko zabalerara murriztu, eta gobernuari igorriko dio batzordearen izenean».
Ministroaren hitzak ekarri zituen gogora Hirigoienek, erran zuelarik hautetsien onespenik gabe deus ez zela eginen. AHTaren aldeko borondaterik ez dagoela erakutsi nahi diote. «Prefetak ibilbidea onartzen badu ere, Ipar Euskal Herriko herritarrak eta hautetsiak xede horren aurka gaudela ikusi behar du Parisek».
Lapurdiko AHT bide berria bertan behera uzteko eskatu diote hautetsiek gobernuari
Lapurdin AHT bide berria eginez, hamalau minutu baino ez lirateke irabaziko Paris eta Madril artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu