Lapurdiko mugan kontrolak jarriko ditu Espainiak, Schengengo ituna etenda

Madrilek atea itxiko die Bartzelonara Europako Banku Zentralaren bilerara joateko asmoa duten ekintzaileei

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Lapurdiko mugan kontrolak jartzeko agindu du Espainiako Gobernuak, Bartzelonan (Katalunia) EBZ Europako Banku Zentralak egitekoa duen bileraren atarian. Maiatzaren 3an hasiko dute batzarra, eta Bartzelonara «sistemaren aurkako ekintzaileak» joatea saihestu nahi du Madrilek neurri horren bitartez. Schengengo ituna, Europako Batasuneko herrialdeen artean libre ibiltzea arautzen duena, bertan behera utziko du aste batzuetan Espainiak. Ez du zehaztu noiz hasiko diren muga kontrolak jartzen Gipuzkoan eta Nafarroan, ezta noiz arte izango dituzten ere.

Salbuespen neurritzat jo du erabakia Espainiako Gobernuak. Haren arabera, Europatik Bartzelonara joan daitezkeen ekintzaileek «arriskuan» jar dezakete EBZko kideen segurtasuna. Pirinio inguru guztiko mugetan jarriko dituzte kontrolak, ekintzaileak Kataluniara ez iristeko. Madrilek nabarmendu du Schengengo itunak horretarako bidea ematen duela, «ordena publikoa eta herrialdeko segurtasuna» arriskuan daudenean eten daitekeela hitzarmen hori behin-behinean.

Akordioa bera auzitan

Schengengo ituna bera eta muga kontrolak kendu izana auzitan jartzen ari diren garaian hartu du erabaki hori Espainiak. Frantziako eta Alemaniako Barne ministroek gutun bat kaleratu zuten atzo; haren bidez, adierazi zuten akordioa sinatua duten herrialdeek izan beharko luketela modua kontrolak beren kabuz jartzeko. Etorkinak dituzte gogoan Frantziak eta Alemaniak; haien arabera, zenbait herrialde immigranteen «pasabide» bihurtu dira. Hori mugatu nahi dute: herrialde bat «ez bada gai» etorkinei bidea ixteko, akordioan dauden beste herrialdeek muga kontrolak jarri ahal izatea galdegin dute. «Herrialde bakoitzari dagokio segurtasunerako arriskuak saihestea», esan dute gutunean.

Bestalde, Europako Parlamentuak baietza eman dio AEBekin hegaldietarako ituna egiteari. Hara doazen edo handik igarotzen diren bidaiarien informazioa eman beharko diete enpresek AEBei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.