Indarkeria matxista

«Ikusi nuen nola heltzen zion gerria. Inpotentzia sentitu, eta muturrekoa eman nion Nieblari»

Asier Nieblaren kasuko akusatuak gaur deklaratu du epaiketan. Azaldu du ez zuela hura hiltzeko asmorik.

Epaiketako aretoa, atzoko saioan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko abenduaren 10a
12:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bi urte eta bi hilabete hil zen Asier Niebla urnietarra (Gipuzkoa), bi hilabete lehenago beste gizonezko batek buruan jo, lurrera erori, eta koman 61 egun egin ostean. Akusatuak gaur deklaratu du bigarren auzi saioan. Fiskalaren galderak erantzuten hasi bezain pronto, argi utzi nahi izan du bere asmoa ez zela Niebla hiltzea: «Ez nuen hori gertatzea nahi. Ulertzen dut jendeak nire heriotza nahi izatea, baina bihotzez diot, ni ez nintzen mutila hiltzera joan. Bi urte daramatzat egunero une hura buruan dudala esnatzen». 

Abuztuaren 12 hartan gertatutakoa azaldu du. Muturrekoa bizkarrez eta korrika zihoala ematea egotzi diote, baina ez zela hala izan deklaratu du: «Aurpegian eman nion. Begiratu nion, begiratu zidan, eta bizkarrez erori zen». Izututa alde egin zuela adierazi du. Fiskalak esan dionean Nieblak okotzean ez zuela lesiorik, akusatuak esan du ez ziola horren indartsu jo, eta irristatu egin zela biktima.

Muturrekoa emateko arrazoiaren inguruan galdetuta, testuinguruaz hitz egin du: «Nire neska lagun ohia ikusi nuen, beregana joan nintzen, eta Asierrek gerritik heldu zion, ipurdi aldera. Inpotentzia sentitu nuen, eta horrek eragin zuen nik muturrekoa jotzea». Azaldu du Niebla ez zuela ezagutzen lehendik, eta udaltzainek deitu ziotenean izan zuela haren egoeraren berri. Gau hartan bertan, ordea, lehenago, eztabaidatu egin zuten: «Arrazoi bat emateko eskatu nion, nik jakiteko zergatik utzi ninduen utzi ninduen moduan».

Epaimahaiaren esku

Horrez gain, aitortu du drogak kontsumitu zituela gau hartan, eta bazekiela bere bikotekide ohia eta Niebla batera zeudela. Urnietako Udalak eskatu du indarkeria matxista aintzat hartzeko auzian, eta biolentzia mota horren biktima izendatzeko Asier Niebla.

Udaleko abokatuaren galderei erantzunez azaldu ditu akusatuak lehendik gertatutakoak. Hiru-lau urte eman zituen neska lagun ohiarekin bizitzen, eta zazpi hilabete zeramatzaten harremana utzita. Esan du berak nahi zuela harremana konpondu, baina ez ziola behar baino gehiago insistitu neskari. 

Orain, zinpeko epaimahai batek erabakiko du ea erasotzailea soilik lesioen arduraduna den, homizidio baten egilea ala hiltzailea den. Epaimahaikideek, halaber, kontuan hartu beharko dute ea auziaren oinarrian indarkeria matxista badagoen ala ez. Polizia izango da hurrengoa deklaratzen, eta bihar jarraituko du saioak, lekukoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.