Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaurre betean sartuak daude indar politikoak, eta, testuinguru horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «ustelkeriaren mapa» aurkeztu du Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak.
«Mapa honek izena eta siglak dauzka: EAJ. Osakidetza, Montai, De Miguel, Alonsotegi... hogei kasu baino gehiago», esan du Iturgaizek, eta proposatu ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat sor dadila Euskal Autonomia Erkidegoan.
Bestalde, Voxek bihar hasiko du kanpainaurrea, Gasteizen egingo duen ekitaldi batean. Han izango da Santiago Abascal alderdiko presidentea, eta ekitaldian aurkeztuko ditu Amaia Martinez, Niko Gutierrez eta Maria Perez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak.
Voxek ez du legebiltzarkiderik izan Eusko Legebiltzarrean, eta uztailaren 12ari begira eginiko inkestek ere ez dute iragartzen ordezkaririk lortuko duenik.
Esaterako, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoetarako Zentroak gaur aurkeztu du boto asmoari buruzko inkesta bat, eta, horren arabera, alderdi ultraeskuindarra ez litzateke gutxieneko %3ra iritsiko. Inkesta horren arabera, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, %39,3 boto eskuratuta; EH Bildu litzateke bigarren indarra (%12,9) eta PSE-EE hirugarrena (%11,3). Elkarrekin Podemos laugarren indarra bihurtuko litzateke (%8,4).
Gainera, %54,7 hautesle «ziur» joango dira botoa ematera, eta %10,2 ziur ez direla joango, baina bost hautesletik batek dio oraindik ez duela erabaki nori emango dion botoa.
Hautagaien artean, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak du baloraziorik onena (6,1), eta bosna punturekin berdinduta daude Idoia Mendia eta Maddalen Iriarte PSE-EEko eta EH Bilduko lehendakarigaiak. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik (4,5), Voxeko Niko Gutierrezek (3,3) eta PP+C's-eko Carlos Iturgaizek (2,9) bostetik beherako nota daukate.
Bozak, aurrera
Hauteskundeak egin egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi eta gero Solidaria hautagaitzak hauteskunde deialdiaren aurka aurkeztutako helegitea. Alderdi horrek argudiatu zuen COVID-19aren izurriak eragindako osasun egoerak ezinezko egiten zuela hauteskunde prozesu bat normaltasunez garatzea.