mendia

Larunbatean egingo diote Tolosan harrera Edurne Pasabani

Shisha Pangmaren eta hamalaugarrenaren tontorra egitearen "poztasunarekin eta nekearekin" heldu da Espainiara, eta bihar iritsiko da Euskal Herrira.

2010eko maiatzaren 26a
15:42
Entzun
"Eskerrik asko guztiei", izan da Edurne Pasabanek gaur Madrilgo Barajasko aireportua zapaldu bezain pronto esan dituen lehen hitzak. "Pozik eta nekatuta" dago Shisha Pangma gailurra egin eta itzuleran. "Oso pozik" dago duela hamar urte ez zuelako horrelakorik pentsatu ere egingo, berekin talde oso bat izango zuela "ametsa lortzeko".

Bihar iritsiko da Euskal Herrira eta, besteak beste, Gipuzkoako Diputazioak egingo dion omenaldia izango du zain. Larunbatean harrera egingo diote Tolosan, eta ekainaren 19an Alaba Kuttun izendatuko dute. Gaur jakinarazi dute Kirol Merituaren urrezko domina emango diola Espainiako Gobernuak.

Mendigoizaletasuna kritikatzen dutenei buruz ere hitz egin du. "Erraza da mendigoizaletasuna etxetik arinki kritikatzea, baina mendizaleak asko sufritzen du". Oh Eun-Sun hegokorearrak egin zuen hamalaugarrena joan den apirilaren 27an, baina tontor bateraino heldu zela ez dagoela argi-eta horri buruz esan duenaz, "Oh Eun-Sun da lehena, baina frogak aurkeztu beharko" ditu ziurtatzeko. Berak "poztasun bera" izango duela esan du.

Datorrenari begira, lehenik etxean atseden hartu eta datorren urtean Everestera oxigenorik gabe igotzeko prestatzen hasiko da, beste ezer tartekatzen ez bada bidean.

Edurne Pasabanek (Tolosa, 1973) maiatzaren 17an lortu zuen Shisha Pangmaren tontorrera heltzea (8.027 metro), eta beraz, hamalaugarrenaren jabe egin zen. Alex Txikon eta Asier Izagirre euskal mendizale eta Al Filo de lo Imposible Espainiako telebista saioko taldekideekin -Juanra Madariaga ere heldu zen, beste espedizio batean- iritsi zen.

Munduko hamalau mendirik handienak igotzen bigarren emakumezkoa da, hala, Pasaban. Oh Eun-Sun hegokorearrak joan den apirilaren 27an erdietsi zuen, Annapurnako gaina zapalduta. Haren lehen zortzimilakoa 1997an iritsi zen: Gasherbrum II.

21. mendizalea izan zen Oh Eun-Sun hamalau zortzimilakoak igotzen, eta lehenengo emakumea. Marka hori lortzen aurrena Reinhold Messner izan zen, duela 24 urte. Aurreneko euskal herritarra, Juanito Oiarzabal, 1999n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.