Altsasuko auzia

Larunbateko manifestazioarekin bat egin dute Nafarroako 50 eragilek

Agiri bateratu bat aurkeztu dute, eta salatu dute auzi osoa neurrigabekoa izan dela: "Estatu demokratikoa gidatu behar duten oinarrizko eskubideen defentsatik ez dugu epai hori onartzen, epaiketa osoan eman den proportzio faltarengatik".

joxerra senar
2018ko ekainaren 13a
07:17
Entzun

Ekainaren 16an, 17:00etan, Sadar futbol zelaiaren inguruetatik aterako da manifestazioa, Altsasuko zortzi auzipetuentzat Justizia aldarrikatzeko. Ezohiko ibilbidea da, Zaragoza etorbidean gora egin eta Iruñea erdialdetik igaro ostean, Askatasunaren plaza aurrean amaituko duelako —antolatzaileek ohartarazi dute azken orduko aldaketak egon daitezkeela, baina, edonola ere, Sadarretik aterako dela; aldaketak egotekotan laster jakinaraziko dituzte—.

Deialdi horren atarian, atxikimendu ugari biltzen ari dira, eta gaur, Iruñeko Katakraken, gizarte, politika, sindikalismo eta kultura arloko 50 eragilek babesa eman diote manifestazioari, eta auziaren inguruko agiri bateratu bat aurkeztu dute. Zerrenda luzea da. Tartean dira, besteak beste, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra, Orain Mugituz, Aranzadi, EHNE, ELA, LAB, Steilas, Attac, Kontuz, Parlamentu Soziala, Ernai, Gazteak Bai, Eh Bildu Gazteak, Ahaztuak, Nafarroako Gazte Kontseilua, CGT, Sasoia, Iruñeko Peñen Federazioa, Etxerat, Sare, Salhaketa...

Iragan asteko atxiloketak

Lehenik eta behin, gogorarazi dute iragan astean lau gazte (Jon Ander Cob, Aratz Urruzola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea) atxilotu zituela Guardia Zibilak. Eragileen arabera, laurei delitu bakoitzarengatik ezarritako zigorrak ez dira bost urte baino handiagoak, eta epaia irmoa ez denez, libre egon beharko luketela azpimarratu dute. Era berean, nabarmendu dute urte eta erdi honetan ez dutela ihes egiteko borondaterik azaldu eta epaileen eskaera guztiak bete dituztela.

Beste hiru gazteak (Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno) espetxean jarraitzen dute 2016ko azarotik. "Horrek guztiak dakarren kalte fisiko, psikiko eta ekonomikoak senitarteko eta hurbilekoek jasaten dute".

Horren aurrean, eragileek nabarmendu dute auzian terrorismo kalifikazioa egin izana erabakigarri izan dela Auzitegi Nazionalak, ikertu eta epaitu dezan. Horregatik, kasua "bere egin zuen Auzitegi Nazionalak" eta Gorenak bere alde egin zuen, Nafarroako Lurralde Auzitegiaren kaltetan. "Epaiak berak bertan behera utzi du kalifikazioa", aipatu dute eragileek.

Eragileek errefusatu dute auzipetuei prebentzio kartzelaldia ezartzea. "Uste dugu ez dagoela horretarako arrazoi legalik, eta horregatik auzipetu guztiak askatzeko eskatzen dugu". Agirian, salatu dute presio mediatikoak eta politikoak "gertaerekiko neurriz gaindiko zigorrak" eragin dituela. "Presio horrek terrorismo delitutzat hartzea eta murturreko egoera sorrarazi du". Beste tokietan halakorik ez dela gertatu salatu dute.

Horregatik guztiagatik, elkarbizitza, giza eskubideen eta kalitate demokratikoen alde egiten dutelako, larunbateko manifestazioan parte hartzera dei egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.