euskal presoak

Larunbateko manifestaziora deitu dute sindikatuek

Agerraldi bat egin dute ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek. "Presoen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko da". CCOOk ere bat egin du.

Sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon.
2018ko urriaren 15a
07:23
Entzun

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek datorren larunbaterako Orain Presoak herritar dinamikak antolatutako manifestaziora joateko dei egin dute, Bilbon emandako prentsaurreko batean. "Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu. Egungo egoera, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu", esan dute, agerraldian. Foro Sozial Iraunkorraren ekimenez elkartu dira.

Donostian izango da larunbateko manifestazioa, 17:00etan hasita, Antiguako tuneletik. Sindikatuok jakinarazi dute aurrez —16:00etan— Miramar jauregian bizikidetzaren alde antolatutako ekitaldian izango direla.

Hiru neurri eskatu dituzte gaurko prentsaurrekoan. Lehenik, gaitz larriak edo sendaezinak dituzten euskal presoei hirugarren gradua emateko galdegin dute, edo espetxetik ateratzeko, "duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”. Bigarrenik, Espainia eta Frantziako gobernuei euskal preso guztiak Hego Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko exijitu diete, "espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko". Hirugarrenik, preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak "benetan" aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatu dute, "espetxe legediak zehazten duen moduan".

Orain Presoak dinamikak lau eskaera egin ditu: urrunketa amaitzeko, gradu progresioa ahalbidetzeko, preso eriak artatzeko eta Frantziako kartzela urteak zenbatzeko Espainiak.

Ekainaren bukaeran manifestu bat kaleratu zuten aipatutako sindikatuek eta CCOOk. Azken sindikatu hori ez da gaurko agerraldian izan, baina gerora egin du bat, ohar baten bidez, gainontzeko sindikatuen adierazpenarekin. Ohar horretan dio beste sindikatuek euren adierazpenean egin dituzten eskaerekin bat datozela, baina ez agerraldi horretan sindikatuek eman duten irudi "bateratu" eta "fikziozkoarekin". Larunbateko manifestazioa baino lehen Miramar jauregian egingo den ekitaldian izango direla jakinarazi dute, eta CCOOko zuzendaritzako zenbait kidek manifestazioan  parte hartuko dutela ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.