Lasarteko lan taldea eta egoitza murrizteko arrazoirik ez dagoela diote sindikatuek

Michelinek proposatutako industria planaren eraginez 800 lanpostu galduko direla uste dute

MIREN GARATE LASARTE
2007ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«2001etik hona ekoizpen maila bere horretan mantendu da, orekatuta. Lan taldeak ere ez du aparteko gorabeherarik eduki, eta enpresaren egoera ekonomikoa oso ona da». Michelinen Lasarteko enpresa batzordeak (Gipuzkoa) gaitzetsi egin du zuzendaritzak proposatutako industria plana. Mundu osoan duen estrategiari eusteko, lantokia erdira murriztuko dela eta 800 enplegu galduko direla salatu du.

Urriaren 3an aurkeztu zien Michelineko zuzendaritzak sindikatuei talde osoa berregituratzeko zuen plana. Lasarteko enpresa batzordeak, ordea, deitoratu egin du: «Lanpostuak murrizten dituelako, inbertsio maila ez delako behar adinakoa eta lantokiaren etorkizuna kolokan jartzen duelako». Hala, zuzendaritzari plan berri bat diseinatzeko eskatu dio, «ekoizpen bolumena eta langile kopurua mantenduko dituena».

Berregituraketa plan horrek zenbait lantokiri mesede egingo dio. Gasteizen, kasu, autoen pneumatikogintza indartu egingo da. Lasarteko lantokiak, ordea, golpe bortitza hartuko du, guztienartean kaltetuena izango baita. Hango 560 lanpostu soberan daudela erabaki du zuzendaritzak. 366ri aurretiazko erretiroa emango die.Gainerako 164ekin zer gertatuko den ez dago argi, baina enpresa komiteak baditu susmoak. «Michelinek antzeko beste kasu batzuetan nola jokatu duen ikusita, leku aldaketak edo pizgarrien bidezko kaleratzeak proposatuko dituela uste dugu», adierazi du Jon Martin enpresa batzordeko kideak.

Hala ere, kalteak askoz handiagoak izango direla nabarmendu dute sindikatuek, zeharka ere lanpostu asko kaltetuko baitira. Haien kalkuluen arabera, beste 200 edo 300. Orotara, beraz, 800 lanpostu galduko direla uste dute. «Datua ikaragarria da, herriarentzat eta eskualdearentzat oso txarra», salatu du Martinek.

Enpresa batzordeak Michelinen «deskokatze» estrategiaren barruan kokatu du plan berria. «Europatik atera nahi dute produkzioa, eta Europa mendebaldera edo Asiara eraman». Izan ere, enpresaren egoera «ona» dela diote sindikatuek. «2001etik hona autoen pneumatikoen ekoizpen maila mantendu egin da. Motoetan zertxobait jaitsi egin gara,baina bere garaian deskokatze bat egon zelako Asiara. Eta lantaldearen bilakaera ere antzekoa da», azaldu dute.



INBERTSIO TXIKIEGIAK. Enpresak proposatutako inbertsio kopuruarekin ere ez daude ados. Euskal Herriko eta Espainiako enpresetan 320 milioi euro gastatzeko asmoa omen du Michelinek. Eta, horietatik 51 Lasarten. «Kezkatuta gaude, motoentzat gurpilak egiteko proiektu industrialean 15 milioi euro soilik gastatuko dituzte. Beste 36 milioiak eraikina botatzeko, eraikitzeko eta lekualdatzeetarako erabiliko ditu», adierazi du batzordeak. Izan ere, lantokia murriztu eta gaur egun motorren gurpilak egiteko erabiltzen den industria barnea lekuz aldatu nahi dute.

Datorren astean elkartuko dira berriro enpresa komitea eta zuzendaritza. «Enpresaren asmoa zein den jakin nahi dugu. Orduan azalduko digute zer gertatuko den aldi baterako kontratua duten langileekin, eta horren arabera erabakiko dugu zenbaterainoko mobilizazioak egin». Halere, dagoeneko pentsatuta dituzte ekimen batzuk. Besteren artean, Lasarteko eta Usurbilgo udaletan mozio bana jarriko dute. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin ere elkartzekoak dira. «Diputazioaren inplikazioa lortu nahi dugu, batik bat enpresak inbertsioak egingo dituela bermatzeko».

Horrez gain, urriaren 20an manifestazioa egingo dute, «langileekin ez jolasteko eskatzeko». Lasarten egingo da, eta herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera .

UGTk eta CCOOk oraindik ez dute iritzia azaldu. Enpresaren plana «hobeto ezagutu artean» ez dutela baloraziorik egingo adierazi dute.



Hutsik geratutako sailak ez birkalifikatzea nahi du batzordeak

Michelineko enpresa batzordeak eskaera zuzena egingo die Lasarte eta Usurbilgo udalei: ez birkalifikatzeko hutsik geratuko diren lurrak, egoitza txikitu ostean.Udaletan aurkeztuko duten mozioan jasoko dute eskaera. «Eremu industrialak birkalifikatuko ez direnaren bermea nahi dugu», adierazi du Jon Martin komiteko ordezkariak. «Ez dugu nahi enpresak negoziorik egitea honen kontura», gaineratu du. Izan ere, sindikatuak enpresak etxebizitzekin espekulatuko ote duenaren beldur dira. «Horretarako asmoa duela esatea gehitxo esatea da, baina badaezpada ere bidea itxi nahi diegu».Lantokiaren inguruan etxeak eraikitzeak euren etorkizuna «baldintzatuko» lukeela uste dute. «Etxeak eraikiz gero, etorkizunean sor litezkeen handitze proiektu guztiak pikutara joango lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.